2 Korintoarrei 13 EABD

AMAIERA (13,1-13)

Azken oharrak

1 Oraingo honekin hirugarren aldia da zuengana noana. Auzi oro bi edo hiru lekukoren aitorpenaz erabakiko da.

2 Neure bigarren ikustaldian esan nizuena bera esaten diet orain, urruti nagoela, bekatari zaharrei eta beste guztiei: joango naizenean, ez naizela bai-bainaka ibiliko.

3 Kristo nire ahoz mintzo ote den egiaztatu nahian zabiltzatenok, hori izango duzue froga. Kristo, izan ere, ez da ahula zuekin; indartsu agertzen da zuen artean.

4 Egia da ahul bezala gurutziltzatu zutela; baina orain bizirik dago Jainkoaren ahalmenaz. Ni ere haren ahulezian partaide naiz, baina berarekin batera bizi naiz, eta Jainkoaren ahalmenaz jokatuko dut zuekin.

5 Aztertu zeuen barrua ea sinesmenean zaudeten, aztertu serioski. Ez al zarete ohartzen Jesu Kristo zuengan bizi dela? Orduan, eskas atera duzue azterketan.

6 Aitortuko al duzue behintzat nik ez dudala eskas atera!

7 Jainkoari hauxe eskatzen diot: ez dezazuela inolako okerrik egin; niri ez dit axola ni zuzen nengoen ala ez frogatzea, zuek ongi egitea baizik, nahiz eta ni toki txarrean gelditu.

8 Izan ere, ezertarako ahalmenik badut, egiaren alde ari izateko da, ez egiaren aurka.

9 Zuek indartsu izanez gero, ni pozik nago, ahula izan arren. Hau da Jainkoari eskatzen diodana: zuek bete-beteko izatea.

10 Horregatik, zuengandik urruti nagoelarik idazten dizuet, gero, zuekin egongo naizenean, zorrotz ari izan beharrik izan ez dezadan, zuek fedean hazarazteko, eta ez hondatzeko, Jaunak eman didan aginpidearekin.

Azken agurra

11 Azkenik, senideok, poz zaitezte, saiatu bete-beteak izaten eta izan adore. Bizi zaitezte elkar ongi hartuz eta bakean. Eta maitasunaren eta bakearen Jainkoa zuekin izango da.

12 Agur ezazue elkar besarkada santuaz. Fededun guztiek agurtzen zaituztete.

13 Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Jainkoaren maitasuna eta Espiritu Santuaren elkartasuna izan bitez zuekin guztiokin.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13