2 Korintoarrei

Kapituluak 7

Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

1Ene maiteok, honelako agintzariak ditugunez gero, garbi gaitezen gorputzeko eta espirituko zikin guztietatik, eta eraman dezagun bere betera geure sagarapena, Jainkoarenganako begirunean biziz.

Korintoarren damua eta Pauloren poza

2Egidazue leku zeuen bihotzetan. Ez diot inori bidegaberik, ez kalterik egin, ez dut inor ustiatu. 3Ez zaituztet gaitzetsi nahi, esana baitizuet barru-barruan zaituztedala: elkarrekin bat eginak gaude, bai heriotzarako, bai bizitzarako. 4Handia da zuengan dudan konfiantza eta harro nago zuengatik. Adorez betea nago eta pozez gainezka neure atsekabe guztien artean. 5Mazedoniara iritsi nintzenean, nik, gizagaixo honek, ez nuen atsedenik izan; atsekabeak izan nituen alde guztietatik: borroka kanpotik eta beldurra barrutik. 6Baina bihozgabetuei adore ematen dien Jainkoak adorez bete ninduen Titoren etorrerarekin. 7Eta ez bakarrik haren etorrerarekin, baita zuengandik ekarri zizkidan berri pozgarriekin ere: berak jakinarazi zizkidan ni ikusteko duzuen irrika, zuen damu-negarra eta nirekiko maitasuna. Horrek oraindik gehiago poztu ninduen. 8Horregatik, nire gutun harekin nahigabea eman banizuen ere, ez dut damurik. Eta, gutun hark alditxo batez nahigabetu egin zintuztela ikusirik, lehen damuturik egon banintzen ere, 9orain poztu egiten naiz; ez, noski, eman nizuen nahigabeagatik, nahigabe horrek zeuen jarrera aldatzera eraman zintuztelako baizik. Zuen nahigabea Jainkoak nahi bezalakoa izan zen; beraz, ez nizuen inolako kalterik egin. 10Izan ere, Jainkoaren asmoen araberako nahigabeak salbamenera garamatzan bizi-aldaketa dakar ondorio, eta horretaz damutu beharrik ez dago. Mundu honetatik datorkigun nahigabeak, berriz, heriotzara eramaten gaitu. 11Begira, bestela, zer sortu zuen zuengan Jainkoaren araberako nahigabe horrek: nolako ardura eta zeuen buruak zuritu beharra, nolako haserrea eta beldurra! Nolako irrika eta zaletasuna nireganako, nolako bizkortasuna erruduna zigortzeko! Garbi azaldu duzue errugabe zinetela arazo honetan. 12Idatzi, beraz, ez nizuen idatzi iraina egin zuenarengatik, ezta hartu zuenarengatik ere, Jainkoaren aurrean nitaz duzuen ardura agertzeko aukera zuei emateko baizik. 13Zuen jokabideak kontsolatu egin nau.Eta oraindik gehiago poztu nau Titoren zoriona ikusteak, zuek guztiok biziberritua utzi baituzue berorren bihotza. 14Zuetaz egin nizkion goraipamen guztiak ez dira gezur gertatu; bestela baizik, zuei beti egia esan dizuedan bezala, egia gertatu dira zuetaz Titori egin nizkion goraipamenak ere. 15Zuek guztiok agertu zenioten mendetasuna eta nolako begirunez hartu zenuten gogoratzean, handiago egiten zaio zuekiko maitasuna. 16Zuengan konfiantza osoa izan dezakedala jakiteak pozez betetzen nau.