2 Korintoarrei
Kapituluak 3
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
1Berriro hasi ote naiz neure burua gomendatzen? Zuentzako edo zuengandiko gomendio-gutunen beharra ote dut, beste zenbaitek bezala?
2Zeuek zarete nire gomendio-gutuna, neure bihotzean idatzia daramadana eta jende guztiak ezagutu eta irakurri duena.
3Garbi dago, izan ere, zuek Kristoren gutuna zaretela, neuk idatzia, eta ez tintaz, Jainko biziaren Espirituaz baizik; ez harlauzatan, haragi-losatan baizik, bihotzean alegia.
4Horixe da Kristori esker Jainkoaren aurrean dudan konfiantza.
5Ez ni neurez zerbaitetarako gai naizela uste dudalako; gaitasuna Jainkoarengandik datorkit,
6berak egin bainau gai itun berriaren zerbitzari izateko. Itun hori ez da legearen letra soilean oinarritzen, Espirituaren indarrean baizik, legearen letrak hil egiten baitu; Espirituak, berriz, bizia ematen.
7Heriotzara zeraman legearen zerbitzua, harlauzatan letraz idatziarena alegia, ospez beterik agertu zen, eta israeldarrek ezin zioten Moisesi aurpegira begiratu, zerion distiragatik —distira hura iragankorra zen arren—.
8Ba, zenbatez ospetsuago ez ote da izanen Espirituagan oinarrituriko itunaren zerbitzua!
9Gaitzespenerako izan zenaren zerbitzua ospez betea agertu bazen, zenbatez ospetsuago ez ote da izango salbamenerako denaren zerbitzua!
10Hain zuzen, lehen ospez betea zenak galdu egin du orain ospe hori, oraingoaren ospe ezin handiagoaren aldean.
11Beraz, iragankor zena ospez betea bazegoen, iraunkor denak askoz ospe handiagoa izanen du.
12Horregatik, honelako itxaropena dugularik, askatasun osoz jokatzen dugu;
13eta ez Moisesek bezala, hark zapi batez estaltzen baitzuen aurpegia, israeldarrek distira iragankor hura desagertu egiten zela ikus ez zezaten.
14Baina ilundu egin zitzaien adimena israeldarrei, eta gaur bertan ere, itun zaharreko idaztiak irakurtzen dituztenean, hor irauten du haientzat estalki horrek, Kristok bakarrik ken baitezake.
15Bai, gaurdaino, Moisesen liburuak irakurtzen dituztenean, zapi hark adimena estaltzen die israeldarrei.
16Norbait Jaunarengana itzultzen denean bakarrik kentzen zaio estalkia.
17Jaun hori, berriz, Espiritua da, eta Jaunaren Espiritua non, askatasuna han.
18Gu guztiok, aurpegia agerian dugula, Jaunaren aintza islatzen dugu, eta haren irudira ari gara eraberritzen, gero eta distiratsuago bihurtuz, Jaunaren Espirituaren eraginez.