1 Harrotu behar badut —ezertarako ez bada ere—, Jaunarengandiko ikuskari eta agerpenetara joko dut.
2 Ezagutzen dut nik kristau bat, orain hamalau urte hirugarren zeruraino eraman zutena —gorputzarekin ala gorputzik gabe ote zen ez dakit, Jainkoak daki—.
3-4 Eta badakit gizon hori paradisura eraman zutela —gorputzarekin ala gorputzik gabe ez dakit, Jainkoak daki—, eta han, gizakiak ezin esan ditzakeen hitzak entzun zituela.
5 Halako gizonaz harrotuko naiz ni; neure buruaz, ordea, ez, neure ahuleziaz ez bada.
6 Harrotuko banintz, hala ere, ez litzateke burugabekeria izango, egia hutsa esango nuke eta; baina bego horretan, inork niregan ikusten edo entzuten duenak adierazten duena baino handiagotzat har ez nazan,
7 aparteko goi-agerpenak izan ditudala eta.Horiek direla-eta neure burua den baino handiagotzat jo ez dezadan, oinaze bat emana izan zait, haragian sartutako eztena bailitzan, harro ez nadin jo eta jo ari zaidan Satanasen ordezkaria.