5 Mazedoniara iritsi nintzenean, nik, gizagaixo honek, ez nuen atsedenik izan; atsekabeak izan nituen alde guztietatik: borroka kanpotik eta beldurra barrutik.
6 Baina bihozgabetuei adore ematen dien Jainkoak adorez bete ninduen Titoren etorrerarekin.
7 Eta ez bakarrik haren etorrerarekin, baita zuengandik ekarri zizkidan berri pozgarriekin ere: berak jakinarazi zizkidan ni ikusteko duzuen irrika, zuen damu-negarra eta nirekiko maitasuna. Horrek oraindik gehiago poztu ninduen.
8 Horregatik, nire gutun harekin nahigabea eman banizuen ere, ez dut damurik. Eta, gutun hark alditxo batez nahigabetu egin zintuztela ikusirik, lehen damuturik egon banintzen ere,
9 orain poztu egiten naiz; ez, noski, eman nizuen nahigabeagatik, nahigabe horrek zeuen jarrera aldatzera eraman zintuztelako baizik. Zuen nahigabea Jainkoak nahi bezalakoa izan zen; beraz, ez nizuen inolako kalterik egin.
10 Izan ere, Jainkoaren asmoen araberako nahigabeak salbamenera garamatzan bizi-aldaketa dakar ondorio, eta horretaz damutu beharrik ez dago. Mundu honetatik datorkigun nahigabeak, berriz, heriotzara eramaten gaitu.
11 Begira, bestela, zer sortu zuen zuengan Jainkoaren araberako nahigabe horrek: nolako ardura eta zeuen buruak zuritu beharra, nolako haserrea eta beldurra! Nolako irrika eta zaletasuna nireganako, nolako bizkortasuna erruduna zigortzeko! Garbi azaldu duzue errugabe zinetela arazo honetan.