Joan 11 EABD

Lazaroren heriotza

1 Gizon bat, Lazaro zeritzana, gaixo zegoen. Betaniakoa zen, Maria eta honen ahizpa Martaren herrixkakoa.

2 (Maria hau —gaixo zegoen Lazaroren arreba— Jauna ukenduz igurtzi eta oinak bere ile-adatsez xukatu zizkiona zen).

3 Bi ahizpek Jesusi albistea bidali zioten: «Jauna! Zure adiskidea gaixo dago».

4 Jesusek, hori jakitean, esan zuen: «Eritasun hau ez da heriotzara eramateko, Jainkoaren aintza azaltzeko baizik, beraren bidez Jainkoaren Semearen aintza azal dadin».

5 Marta, honen ahizpa eta Lazaro oso adiskide zituen arren,

6 hau gaixo zegoela jakinda ere, Jesus beste bi egunez gelditu zen zegoen lekuan.

7 Ondoren, esan zien ikasleei:—Goazen berriro Judeara.

8 Ikasleek esan zioten:—Maisu, oraintsu juduek harrika egin nahi zizuten, eta hara zoaz berriro?

9 Jesusek erantzun zien:—Ez al ditu hamabi ordu egunak? Egunez dabilenak ez du estropezu egiten, eguzkiak argitzen baitio bidea;

10 baina gauez dabilenak estropezu egiten du, ez baitu argirik.

11 Eta erantsi zuen:—Lazaro gure adiskidea loak hartu du; baina banoa iratzartzera.

12 Esan zioten, orduan, ikasleek:—Jauna, loak hartu badu, sendatuko da.

13 Jesusek Lazaroren heriotzaz esan zuen hori, baina ikasleek ohiko loaz ari zela uste zuten.

14 Azkenik, argi eta garbi esan zien Jesusek:—Lazaro hil egin da,

15 eta pozten naiz han ez izanaz, zeuen onerako izango baita, horrela sinets dezazuen. Goazen, bada, haren etxera.

16 Orduan, Tomasek, Bikia zeritzanak, bere ikaskideei esan zien: «Goazen gu ere, berarekin hiltzera».

Jesus, piztuera eta bizia

17 Jesus iritsi zenean, jadanik lau egun zeramatzan Lazarok hilobian.

18 Betania Jerusalemdik hurbil dago, hiru kilometrora edo;

19 eta judu asko etorri zen Maria eta Martarengana, nebarengatik doluminak ematera.

20 Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, bidera irten zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen.

21 Martak esan zion Jesusi:—Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko.

22 Baina, halere, badakit eska diezaiozun guztia emango dizula Jainkoak.

23 Jesusek erantzun zion:—Piztuko da zure neba.

24 Eta Martak:—Badakit, bai, piztuko dela azken egunean, hildakoen piztuerakoan.

25 Jesusek esan zion, orduan:—Neu naiz piztuera eta bizia; niregan sinesten duena, hilda ere, biziko da.

26 Eta bizi dena, niregan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hau?

27 Martak erantzun zion:—Bai, Jauna, sinesten dut zeu zarela Mesias, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena.

Jesusek hilobi ondoan negar

28 Ondoren, Marta bere ahizpa Mariari dei egitera joan zen, eta esan zion isilka: «Maisua hemen dun eta hots egiten din».

29 Berehala jaiki eta Jesusengana joan zen.

30 Jesus artean herrixkan sartu gabe zegoen, Martak topatu zuen lekuan bertan.

31 Orduan, hari doluminak ematen etxean zeuden juduek, Maria arin jaiki eta irten egin zela ikusirik, jarraitu egin zioten, hilobian negar egitera zihoalakoan.

32 Mariak, Jesusengana iritsi eta ikustean, oinetara ahuspeztu eta esan zion: «Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko».

33 Jesusi, orduan, Maria eta beronekin zetozen juduak negarrez ikusirik, barruak zirrara egin zion eta, zeharo hunkiturik,

34 esan zuen:—Non ipini duzue?Erantzun zioten:—Jauna, zatoz eta ikusi.

35 Jesusek negarrari eman zion.

36 Han zeuden juduek esan zuten:—Bai maite zuela!

37 Baina batzuek esan zuten:—Itsuaren begiak ireki zituen honek, ezin ote zuen hau hiltzea galarazi?

Lazaroren piztuera

38 Jesus, ostera ere hunkiturik, hilobira hurbildu zen. Hartzulo bat zen, harri batez estalia.

39 Jesusek esan zuen:—Kendu harria.Martak, Lazaro zenaren arrebak, erantzun zion:—Jauna, kiratsa botako du, lau egun daramatza eta.

40 Jesusek erantzun zion:—Ez dizut, bada, esan, sinesten baduzu Jainkoaren aintza ikusiko duzula?

41 Kendu zuten, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan zuen: «Eskerrak zuri, Aita, entzun didazulako.

42 Nik badakit beti entzuten didazuna; baina inguruan den jendearengatik diot, zuk bidali nauzula sinets dezaten».

43 Ondoren, ozenki egin zuen deiadar: «Lazaro, zatoz kanpora!»

44 Eta hildakoa hartzulotik irten zen. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia zapi batez estalirik zituen. Jesusek esan zien: «Aska ezazue eta utzi joaten».

Agintariek Jesus hiltzea erabaki

45 Jesusek egina ikusi zutenean, Maria ikustera joandako judu askok sinetsi zuten harengan.

46 Haietariko batzuek, ordea, fariseuengana joan eta Jesusek egin zuena kontatu zieten.

47 Orduan, apaizburu eta fariseuek Biltzar Nagusia bildu zuten, eta esan:—Zer egin? Gizon hau mirarizko seinale asko egiten ari da!

48 Horrela jarraitzen uzten badiogu, guztiek sinetsiko dute berorrengan. Orduan, erromatarrek etorri eta birrindu egingo dituzte bai tenplua, bai herria.

49 Biltzarkideetako batek, urte hartan apaiz nagusi zen Kaifasek, esan zien:—Zuek ez dakizue tutik ere.

50 Ez al zarete konturatzen hobe dela gizon bat herriarengatik hiltzea, herri osoa galtzea baino?

51 Kaifasek ez zuen hori bere kabuz esan, baizik eta, urte hartan apaiz nagusi zenez, Jainkoaren izenean hitz egin zuen, Jesus herriaren alde hilko zela adieraztean;

52 eta ez herriaren alde bakarrik, baita sakabanaturik zeuden Jainkoaren seme-alabak elkartzeko ere.

53 Beraz, ordutik aurrera, Jesus nola hilko pentsatzen hasi ziren;

54 hargatik, Jesus ez zen ibiltzen agerian juduen artean; basamortu ondoko bazter batera alde egin zuen, Efraim izeneko herrira, eta han egon zen bere ikasleekin.

55 Hurbil zen Pazkoa, juduen jai nagusia, eta herrietako jende asko Jerusalemera joan zen Pazkoa baino lehen, garbikuntza-ohikuneetan parte hartzeko.

56 Jerusalemera etorriak Jesusen bila zebiltzan eta, tenpluan topo egitean, galdetzen zioten elkarri: «Zer iruditzen zaizue? Ez ote da etorriko jaietara?»

57 Apaizburu eta fariseuek agindua zuten, inork Jesus non zen jakiten bazuen, sala zezala, atxilotu ahal izateko.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21