Joan 21 EABD

ERANSKINAEranskina: 20,30-31ko konklusioaren ondoren, ia segurua da azken kap. hau Ebanjelioa bukatua zelarik erantsi zitzaiola. Agian, Ebanjelariaren ikasleek ezarri zuten, 21,24an hitz egiten duen taldeak, hain zuzen. (21,1-25)

Jesus zazpi ikasleri agertu

1 Geroxeago, berriro agertu zitzaien Jesus bere ikasleei Tiberiades aintzira-ertzean. Honela gertatu zen agerpena:

2 Elkarrekin zeuden Simon Pedro, Tomas —Bikia zeritzana—, Natanael —Galileako Kanakoa—, Zebedeoren semeak eta beste bi ikasle.

3 Hortan, Simon Pedrok esan zien:—Arrantzura noa.Besteek erantzun zioten:—Zurekin goaz gu ere.Irten eta ontziratu egin ziren. Baina gau hartan ez zuten ezer harrapatu.

4 Eguna argitu zuenean, aintzira-ertzean agertu zen Jesus; baina ikasleak ez ziren konturatu Jesus zela.

5 Jesusek esan zien:—Mutilok, baduzue jatekorik?Haiek erantzun:—Ez.

6 Jesusek esan zien:—Bota sarea txaluparen eskuinera eta aurkituko duzue.Hala egin zuten. Eta hainbeste arrain harrapatu zutenez, ez ziren sarea ateratzeko gauza.

7 Orduan, Jesusek maite zuen ikasle hark esan zion Pedrori: «Jauna da». Simon Pedrok, Jauna zela entzun bezain laster, soinekoa jantzi (erantzia baitzuen) eta salto egin zuen uretara.

8 Gainerako ikasleak txalupaz joan ziren, sarea arrainekin tiraka zekartela, lehorretik hurbil baitziren, ehunen bat metrora.

9 Lehorreratzean, su-txingarrak ikusi zituzten, gainean arrain bat zela, eta ogia.

10 Jesusek esan zien: «Ekarri harrapatu berri dituzuen arrainetariko batzuk».

11 Igo zen ontzira Simon Pedro eta lehorrera atera zuen sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zen sarea apurtu.

12 Jesusek esan zien: «Etorri gosaltzera».Ikasleetako inor ez zen ausartzen nor zen galdetzera, ongi baitzekiten Jauna zena.

13 Orduan, Jesusek, hurbildurik, ogia hartu eta eman egin zien, baita arraina ere.

14 Hirugarren aldia zen hau, Jesus, hildakoen artetik piztu ondoren, bere ikasleei agertzen zitzaiena.

Jesus eta Pedro

15 Gosaldu zutenean, Jesusek esan zion Simon Pedrori:—Simon, Joanen semea, maiteago al nauzu hauek baino?Hark esan zion:—Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.Orduan, Jesusek:—Larra itzazu nire bildotsak.

16 Bigarrenez galdetu zion Jesusek:—Simon, Joanen semea, maite al nauzu?Pedrok, berriro:—Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.Jesusek, orduan:—Zaindu nire ardiak.

17 Hirugarrenez galdetu zion Jesusek:—Simon, Joanen semea, maite al nauzu?Pedro goibeldu egin zen maite al zuen hirugarrenez galdetu ziolako, eta erantzun zion:—Jauna, zuk dena dakizu, zuk badakizu maite zaitudana.Orduan, esan zion Jesusek:—Larra itzazu nire ardiak.

18 Bene-benetan diotsut: Gazteago zinenean, zeuk lotzen zenuen gerrikoa eta nora joan erabakitzen; zahartzean, ordea, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko dizu gerrikoa eta nahi izango ez duzun lekura eramango zaitu.

19 Horrela, Jainkoari aintza zer-nolako heriotzaz emango zion adierazi zuen Jesusek. Ondoren, esan zion:—Jarraitu niri.

Ikasle maitea

20 Pedrok itzuli eta Jesusek maite zuen ikaslea ondoren zetorrela ikusi zuen, afarikoan, Jesusen bular gainean jarririk, «Jauna, nor da salduko zaituena?» galdetu ziona.

21 Hura ikusi zuenean, bada, Pedrok galdetu zion Jesusi:—Jauna, eta hau zer?

22 Jesusek erantzun zion:—Ni itzuli arte hori gelditzea nahi baldin badut, zuri zer? Zuk jarraitu niri.

23 Hitz hauek zirela eta, ikasle hura hilko ez zelako zurrumurrua zabaldu zen senideen artean. Jesusek, ordea, ez zion esan ez zela hilko, beste hau baizik: «Ni itzuli arte hori gelditzea nahi baldin badut, zuri zer?»

Konklusioa

24 Ikasle huraxe da gauza hauetaz guztiez testigantza egin duena eta idatzi dituena, eta guk ongi dakigu egiazkoa dela haren testigantza.

25 Beste gauza asko ere egin zituen Jesusek. Guztiak banan-banan bilduko balira, nik uste mundu osoan ere ez liratekeela sartuko idatz litezkeen liburuak.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21