Joan 13 EABD

JESUSEN NEKALDIA ETA PIZTUERA (13,1—20,31)

Jesus bere ikasleen oinak garbitzen

1 Pazko-jaia gainean zen. Jesusek bazekien mundu hau utzi eta Aitarengana joateko ordua iritsi zitzaiona. Munduan ziren beretarrak beti maite izan zituelarik, azkenean bete-betean maitatu zituen.

2-3 Deabruak Simon Iskarioteren seme Judasi sartua zion buruan Jesus saltzeko asmoa. Jesusek bazekien dena bere esku jarri ziola Aitak, eta Jainkoarengandik etorria zela eta Jainkoarengana zihoala. Afaltzen ari zela,

4 mahaitik jaiki, soingainekoa erantzi eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu zuen.

5 Ondoren, ura konketara bota eta ikasleei oinak garbitzen hasi zen, eta gerrian zuen eskuzapiaz lehortzen.

6 Simon Pedrorengana iritsi zenean, honek esan zion:—Jauna, zuk niri oinak garbitu?

7 Jesusek erantzun zion:—Ni egiten ari naizena zuk ez duzu orain ulertzen, geroago ulertuko duzu.

8 Pedrok, berriro:—Zuk ez didazu sekula niri oinik garbituko.Jesusek erantzun:—Garbitzen ez bazaitut, ez duzu nirekin zerikusirik izango.

9 Simon Pedrok esan zion:—Jauna, orduan, oinak ez ezik, eskuak eta burua ere bai.

10 Jesusek erantzun:—Bainatu denak ez du garbitu beharrik, erabat garbi baitago, eta zuek garbi zaudete, baina ez denok.

11 Izan ere, bazekien zeinek salduko zuen; horregatik esan zuen: «Ez zaudete denok garbi».

12 Oinak garbitu zizkienean, soingainekoa jantzi, berriro mahaian eseri eta esan zien: «Ulertzen duzue egin dizuedana?

13 Zuek Maisu eta Jauna deitzen didazue, eta arrazoi duzue, halaxe bainaiz.

14 Beraz, nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere garbitu oinak elkarri.

15 Ikasbide eman dizuet, zuek ere, nik zuekin bezalaxe, joka dezazuen.

16 «Bene-benetan diotsuet: Ez da morroia nagusia baino handiago, ezta bidalia ere bidaltzailea baino handiago.

17 Ulertzen duzue hau, ezta? Bada, zorionekoak izango zarete, betetzen baduzue.

18 «Ez naiz zuek guztiotaz ari; badakit, bai, zein aukeratu ditudan, baina bete beharra du Liburu Santuak dioen honek: Neure mahaikide nuena kontra altxatu zait.

19 Aurrez, gertatu baino lehen, esaten dizuet, gerta dadinean, ni naizena naizela sinets dezazuen.

20 Bene-benetan diotsuet: Nik bidalia onartzen duenak neu onartzen nau, eta ni onartzen nauenak bidali ninduena onartzen du».

Jesusek Judasen saldukeria iragarri

21 Hori esanik, larritu egin zitzaion Jesusi barrua, eta argi adierazi zien: «Bene-benetan diotsuet: Zuetako batek salduko nau».

22 Ikasleak elkarri begira hasi ziren, zeinetaz ari ote zen asmatu ezinik.

23 Ikasleetako bat, Jesusek gehien maite zuen hura, beraren ondoan zegoen mahaian.

24 Simon Pedrok hari keinu egin zion, zeinetaz mintzo zen galdegiteko adieraziz.

25 Eta hark, burua Jesusen bular gainean jarriz, galdegin zion:—Jauna, zein da?

26 Jesusek erantzun zion:—Ogi-puska bustia emango diodana, huraxe da.Eta ogi-puska bat bustiz, Simon Iskarioteren seme Judasi eman zion.

27 Ogi-puska hartu bezain laster, Satanas sartu zen haren barrura. Orduan, Jesusek esan zion: «Egin behar duzuna, egizu lehenbailehen».

28 Mahaikideetako inork ez zuen ulertu zergatik esan zion hori.

29 Judasek diru-poltsaren ardura zuenez, jairako behar zena erosteko edota pobreei zerbait emateko esan ziola uste izan zuen zenbaitek.

30 Judasek ogi-puska hartu eta berehala alde egin zuen. Gaua zen.

Jesusen agindu berria

31 Judas irten zenean, esan zien Jesusek: «Oraintxe azaltzen da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena.

32 Jainkoaren aintza haren bidez azaltzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko du hura, eta berehala gainera.

33 «Semetxook, ez zait denbora asko gelditzen zuekin egoteko. Nire bila ibiliko zarete, baina juduei esan niena bera diotsuet zuei ere: ni noan tokira zuek ezin zarete joan.

34 Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar.

35 Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean».

Jesusek Pedroren ukoak iragarri

36 Simon Pedrok galdetu zion Jesusi:—Jauna, nora zoaz?Jesusek erantzun zion:—Ni noan tokira zuk ezin orain niri jarraitu; geroago bai, jarraituko didazu.

37 Pedrok, berriro:—Jauna, zergatik ezin dizut jarraitu orain? Neure burua emango dut zuregatik.

38 Jesusek erantzun zion:—Niregatik zeure burua emango duzula? Bene-benetan esaten dizut: Oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko nauzu.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21