Joan 6 EABD

Jesusek jendetzari jaten eman

1 Handik aldi batera, Galilea edo Tiberiades aintziraz beste aldera joan zen Jesus.

2 Eta jendetza handia zihoakion atzetik, gaixoak sendatuz egiten zituen mirarizko seinaleak ikusten baitzituzten.

3 Jesus mendira igo eta han eseri zen bere ikasleekin.

4 Hurbil zen Pazkoa, juduen jai nagusia.

5 Jesusek, jende asko zetorkiola ikusirik, esan zion Feliperi:—Non erosiko genuke ogia hauei jaten emateko?

6 Zirikatzeko esan zion hori, ongi baitzekien berak zer egin behar zuen.

7 Felipek erantzun zion:—Berrehun denarioren ogia ez litzateke nahikoa bakoitzak puska bat izateko.

8 Haren ikasleetako batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan zion:

9 —Bada hemen bost garagar-ogi eta bi arrain txiki dituen mutiko bat; baina zer da hori honenbesterentzat?

10 Jesusek jendea eserarazteko agindu zien ikasleei. Belar asko zegoen leku hartan, eta eseri egin ziren denak. Bost milaren bat gizonezko ziren.

11 Jesusek ogiak hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, banatu egin zituen eserita zeudenen artean; berdin arrainak ere, nahi adina.

12 Eta ase zirenean, esan zien Jesusek ikasleei: «Bil itzazue hondarrak, ezer gal ez dadin».

13 Bildu zituzten, bada, eta bost garagar-ogietatik jan zutenei gelditu zitzaizkien hondarrez hamabi saski bete zituzten.

14 Jendeak, orduan, Jesusen mirarizko seinale hura ikusirik, honela zioen: «Hauxe da egiaz mundura etortzekoa zen profeta».

15 Jesusek, ordea, errege egiteko indarrez eraman nahi zutela ikusirik, mendira alde egin zuen berriro berak bakarrik.

Jesus ur gainean oinez

16 Arratsean, Jesusen ikasleak aintzirara jaitsi

17 eta, txalupara igorik, aintziraz beste aldera abiatu ziren, Kafarnaumerantz. Iluna zen jadanik, eta artean Jesus ez zen beraiekin.

18 Aintzira haserretzen ari zen, haize handia zebilen eta.

19 Bospasei kilometro arraunean egin ondoren, Jesus ur gainean oinez eta txaluparantz hurbiltzen ikusi zuten, eta beldurrak hartu zituen.

20 Jesusek, ordea, esan zien: «Neu naiz. Ez beldurtu!»

21 Haiek, orduan, txalupan hartu nahi izan zuten, baina txalupa berehala iritsi zen zihoazen tokira.

Bizi-ogiaz hitzaldia

22 Biharamunean, aintziraz beste aldean zegoen jendea konturatu zen han txalupa bat bakarra izan zela eta Jesus ez zela ontziratu ikasleekin, baizik eta hauek bakarrik joan zirela.

23 Bitartean, beste zenbait txalupa iritsi zen Tiberiadesetik, Jaunak esker oneko otoitza egin ondoren ogia jan zuten ingurura.

24 Han ez zeudela ez Jesus, ez ikasleak konturatzean, jendea txalupetara igo eta Kafarnaumera joan zen, Jesusen bila.

25 Aintziraz beste aldean aurkitu eta esan zioten:—Maisu, noiz etorri zara hona?

26 Jesusek erantzun zien:—Bene-benetan diotsuet: Nire bila zabiltzate, ez ikusi dituzuen mirarizko seinaleengatik, ogia asetzeraino jan duzuelako baizik.

27 Ahalegin zaitezte, ez galtzen den janariagatik, baizik eta irauten eta betiko bizia ematen duen janariagatik; hori Gizonaren Semeak emango dizue, Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari egin duenak.

28 Orduan, galdetu zioten:—Zer egin behar dugu Jainkoak nahi duena egiteko?

29 Jesusek erantzun zien:—Hauxe da Jainkoak nahi duena: berak bidali duenarengan zuek sinestea.

30 Galdetu zioten, orduan:—Zer seinale ematen diguzu, bada, guk ikusi eta zuri sinesteko? Zer egiten duzu?

31 Gure arbasoek mana jan zuten basamortuan, Liburu Santuak dioen bezala: Zeruko ogia eman zien jaten.

32 Jesusek erantzun zien:—Bene-benetan diotsuet: Ez zizuen Moisesek eman zeruko ogia, baizik eta nire Aitak ematen dizue zeruko egiazko ogia.

33 Zeren Jainkoaren ogia, zerutik jaitsi eta munduari bizia ematen diona da.

34 Orduan, eskatu zioten:—Jauna, emaguzu beti ogi horretatik.

35 Jesusek erantzun zien:—Neu naiz bizia ematen duen ogia; niregana hurbiltzen dena ez da, ez, sekula gose izango, eta niregan sinesten duena ez da behin ere egarri izango.

36 Zuek, ordea, lehen ere esan dizuet, ez duzue sinesten, ikusi nauzuen arren.

37 Aitak niri ematen dizkidan guztiak niregana hurbilduko dira eta niregana hurbiltzen denik ez dut inola ere kanpora botako,

38 ez bainaiz zerutik jaitsi neure nahia egitera, bidali nauenaren nahia egitera baizik.

39 Eta hauxe da bidali nauenaren nahia: berak eman dizkidan guztietatik, ez dezadala bat ere gal, baizik eta piztu ditzadala azken egunean.

40 Hauxe da nire Aitak nahi duena: Semea ikus eta harengan sinets dezanak betiko bizia izan dezala; eta neuk piztuko dut azken egunean.

41 Orduan, marmarka hasi ziren entzuleak, «Neu naiz zerutik jaitsiriko ogia» esan zuelako,

42 eta zioten:—Ez da, bada, hau Jesus, Joseren semea? Ez ditugu, bada, ezagunak honen aita-amak? Nola dio, orain, zerutik jaitsia dela?

43 Jesusek ihardetsi zien:—Ez ari marmarka zeuen artean.

44 Ezin da inor niregana hurbildu, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu; eta neuk piztuko dut azken egunean.

45 Honela esaten da profeten liburuan: Jainkoaren ikasle izango dira denak. Aitari entzun eta hark irakatsia bereganatzen duena niregana hurbiltzen da.

46 Horrek ez du esan nahi inork Aita ikusi duenik; Jainkoarengandik etorri denak bakarrik ikusi du Aita.

47 «Bene-benetan diotsuet: Sinesten duenak betiko bizia du.

48 Neu naiz bizia ematen duen ogia.

49 Zuen gurasoek mana jan zuten basamortuan eta, halere, hil egin ziren.

50 Bestelakoa da zerutik jaisten den ogia: beronetatik jaten duena ez da hilko.

51 Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Eta nik emanen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana».

52 Hitz hauek eztabaida gogorra sortu zuten entzuleen artean. Honela zioten:—Nola eman diezaguke honek bere gorputza jaten?

53 Jesusek esan zien:—Bene-benetan diotsuet: Gizonaren Semearen gorputza jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue bizirik izango zeuengan.

54 Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duenak betiko bizia du, eta neuk piztuko dut azken egunean.

55 Zeren nire gorputza benetako janari baita, eta nire odola benetako edari.

56 Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duena nirekin bat eginda dago, eta ni berarekin.

57 Bizia duen Aitak bidali ninduen eta hari esker dut nik bizia; halaxe, ni jaten nauenak ere niri esker izango du bizia.

58 Hau da zerutik jaitsi den ogia; ez da zuen gurasoek jan zutena bezalakoa, haiek hil egin baitziren; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du.

59 Hau guztia Kafarnaumgo sinagogan irakatsi zuen Jesusek.

Betiko bizia duten hitzak

60 Jesusen hitzok entzutean, haren ikasleetariko askok esan zuen: «Onargaitza da mezu hau. Nork jaramon egin?»

61 Jesusek, ikasleak marmarka ari zirela oharturik, esan zien: «Honek eragozten al dizue sinestea?

62 Bada, Gizonaren Semea lehen zegoen tokira igotzen ikusiko bazenute, zer gertatuko ote?

63 Espiritua da bizia ematen duena; gizakia berez ez da ezertarako. Nik eman dizkizuedan irakatsiak espiritu eta bizi dira.

64 Baina badira zuen artean sinesten ez duten batzuk».Izan ere, Jesusek hasieratik zekien nork ez zuen sinesten eta nork salduko zuen.

65 Eta esan zuen, gainera: «Horregatik esan dizuet ezin dela inor ere niregana hurbildu, Aitak ez badio horretarako gaitasuna ematen».

66 Geroztik, haren ikasleetariko askok atzera jo zuen, eta aurrerantzean ez ziren harekin ibili.

67 Orduan, esan zien Jesusek Hamabiei:—Zuek ere alde egin nahi al duzue?

68 Erantzun zion Simon Pedrok:—Jauna, norengana joango gara? Betiko bizia dute zure irakatsiek.

69 Eta guk sinetsi dugu eta badakigu zu zarela Jainkoaren Santua.

70 Jesusek ihardetsi zien:—Ez al zaituztet neuk aukeratu Hamabiok? Halere, zuetariko bat deabru da.

71 Simon Iskarioteren seme Judasez ari zen; hau baitzen, Hamabietako bat izan arren, Jesus salduko zuena.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21