Joan 2 EABD

Ezteiak Galileako Kanan

1 Hiru egunera, ezteiak izan ziren Galileako Kanan, eta han zen Jesusen ama.

2 Jesus eta beronen ikasleak ere gonbidatu zituzten ezteietara.

3 Eta ardoa amaitu baitzen, esan zion amak Jesusi:—Ez dute ardorik.

4 Jesusek erantzun zion:—Utz nazazu bakean, emakume. Oraino ez da etorri nire ordua.

5 Jesusen amak honela esan zien zerbitzariei: «Egin horrek esango dizuena».

6 Baziren han harrizko sei ur-ontzi, juduek beren garbikuntzetarako erabili ohi zituztenak, ehunen bat litrokoa bakoitza.

7 Jesusek esan zien zerbitzariei:—Bete ontziak urez.Haiek goraino bete zituzten.

8 Orduan, esan zien:—Atera pixka bat eta eraman mahaizainari.Hala egin zuten haiek.

9 Mahaizainak ardo bihurtutako ura dastatu zuen, nongoa zen jakin gabe; zerbitzariek, bai, bazekiten, beraiek atera baitzuten ura. Ardo berria dastatu zueneko, senarrari dei egin

10 eta esan zion: «Jende guztiak ardorik onena atera ohi du lehenik eta, jendea aski edanda dagoenean, arruntagoa; zuk, berriz, orain arte gorde duzu ardorik onena».

11 Bere lehen mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek; honela, bere Jainko-aintza agertu zuen, eta ikasleek sinetsi egin zuten harengan.

12 Ondoren, Kafarnaumera joan zen bere ama, anai-arreba eta ikasleekin, eta han egon ziren zenbait egunez.

Jesusek tenplu berria iragarri

13 Hurbil zen juduen Pazko-jaia, eta Jerusalemera joan zen Jesus.

14 Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta usoak saltzen, eta diru-trukatzaileak ere bai, han eserita.

15 Jesusek, lokarriz zartailu bat eginez, tenplutik kanpora bota zituen denak, baita ardiak eta idiak ere; eta trukatzaileen diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin zituen.

16 Uso-saltzaileei esan zien: «Kendu hemendik hau dena. Ez egin nire Aitaren etxea merkatu-etxe».

17 Ikasleei, Liburu Santuak dioena etorri zitzaien gogora: Zure tenpluaren maiteminak erreko nau.

18 Orduan, galdetu zioten judu-agintariek:—Zer seinale ematen diguzu hori egiteko aginpidea duzula frogatzeko?

19 Jesusek erantzun zien:—Desegizue tenplu hau eta hiru egunetan berreraikiko dut.

20 Juduek ihardetsi zioten:—Berrogeita sei urte behar izan dira tenplu hau eraikitzeko, eta zuk hiru egunetan berreraikiko duzula?

21 Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen.

22 Horregatik, hildakoen artetik piztu zenean, esandako hori gogoratu zitzaien haren ikasleei, eta sinetsi egin zuten Liburu Santuko eta Jesusek esandako hitza.

Jesusek gizakien barrua ezagutzen

23 Pazko-jaian Jesus Jerusalemen zegoela, askok sinetsi zuten harengan, egiten zituen mirarizko seinaleak ikusirik.

24 Baina, Jesus bera ez zen fidatzen haietaz, guztiak ezagutzen baitzituen,

25 eta ez zuen inoren aitorpen-beharrik, ongi ezagutzen baitzuen berak gizakiaren baitan dagoena.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21