17 Orduan, ikasleetako batzuk honela ari ziren beren artean: «Zer ote da esaten digun hau: “Gutxi barru ez nauzue gehiago ikusiko, baina pixka bat geroago, berriro ikusiko nauzue” eta “Aitarengana noa”?
18 Zer esan nahi ote du “gutxi barru” horrekin? Ez diogu antzik ere ematen zertaz ari den».
19 Konturatu zen Jesus galdetu egin nahi ziotela, eta esan zien: «Eztabaidan ari zarete zeuen artean nire hitz hauen esanahiaz: “Gutxi barru ez nauzue gehiago ikusiko, baina pixka bat geroago, berriro ikusiko nauzue”.
20 Bene-benetan diotsuet: Negar egingo duzue eta aiene; mundua, ordea, poztu egingo da. Zuek triste egongo zarete, baina zuen tristura poz bilakatuko da.
21 Emakumea, erditzerakoan, triste egoten da, ordua heldu zaiolako; haurra jaio ondoren, ordea, ahaztu egiten da larrialdiaz, mundura gizon bat ekarri duelako.
22 Zuek ere triste zaudete orain, baina berriro agertuko natzaizue, eta poztu egingo zarete, eta poz hori inork ez dizue kenduko.
23 «Egun hartan ez duzue ezer galdetu beharrik izango. Bene-benetan diotsuet: Nire izenean Aitari eskatuko diozuen guztia eman egingo dizue.