35 Igo, gero, beraren ondoren, eta hona heltzean, jar dadila nire errege-aulkian, nire ondoren errege izateko. Bera izendatzen dut Israelgo eta Judako buruzagi.
36 Joiadaren seme Benaiasek erantzun zion:—Hala bedi! Hala nahi izan dezala Jaunak, gure erregearen Jainkoak!
37 Izan bedi Jauna Salomonentzat ere zuretzat izan dena; egin dezala haren erregetza zurea baino handiago, oi ene errege David!
38 Tzadok apaizak, Natan profetak, Joiadaren seme Benaiasek, keretarrek eta peletarrek Salomon David erregearen mando gainean ezarri eta Gihonera eraman zuten.
39 Orduan, Tzadok apaizak, hartua baitzuen Jaunaren oihal-etxolatik olio-adarra, gantzutu egin zuen Salomon. Jo zuten adarra eta herri osoak deiadar egin zuen: «Gora Salomon erregea!»
40 Jende guztia Salomonen ondoren igo zen bozkario handiz eta txirulak joz. Lurrak ere dar-dar egin zuen haien oihuengatik.
41 Bazkaria bukatzen ari ziren, Adoniasek eta beronen bazkaldar guztiek zarata-hots hura aditu zutenean. Joabek, adar-hotsa entzutean, esan zuen:—Zer dela-eta halako iskanbila hiritarren artean?