1 Erregeak 12 EABD

ISRAELGO ETA JUDAKO ERREINUEN HISTORIA (12,1—16,34)

Sikemgo batzarra

1 Roboam Sikemera joan zen, Sikemen batzartua baitzegoen Israel herri osoa, bera errege izendatzeko.

2 Nebaten seme Jeroboam Egipton zen, Salomonengandik ihesi joana. Sikemgoa jakin zuen arren, Egipton gelditu zen.

3 Baina etortzeko dei egin zioten. Orduan, Jeroboam, israeldar biltzar osoarekin, Roboamengana joan zen, esatera:

4 —Zuen aita Salomonek uztarri astuna ezarri zigun. Arindu, bada, zuen aitak ezarri zizkigun morrontza gogorra eta uztarri astuna, eta zerbitzari izanen gaituzu.

5 Roboamek erantzun zien:—Zoazte orain, eta itzul zaitezte etzi.Eta jendeak alde egin zuen.

6 Roboam erregeak galdetu zien, beraren aita Salomon bizi zelarik haren zerbitzari izaniko kontseilariei:—Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar diot jende honi?

7 Kontseilariek erantzun zioten:—Zeure herriaren zerbitzari egiten bazara, amore eman eta hitz onez erantzuten badiezu, zerbitzari izanen dituzu beti.

8 Roboamek, ordea, ez zuen aintzat hartu kontseilarien aholkua; baizik eta berarekin batera hazi ziren eta bere zerbitzura zituen gazteei galdegin zien:

9 —Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar nioke, gure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu didan jende horri?

10 Erregearekin batera hazi ziren gazte haiek erantzun zioten:—Hona zer erantzun behar zeniokeen, zure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu dizun jende horri: «Nire atzamar txikia lodiago da gure aitaren gerria baino.

11 Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

12 Hiru egunen buruan etorri zen Jeroboam, herri osoarekin, Roboamengana, beronek esana baitzien itzultzeko.

13 Erregeak oso zakar erantzun zion herriari, kontseilariek emana zioten aholkua aintzat hartu gabe,

14 eta gazteek emana ziotenari jarraiki. Hau esan zion jendeari: «Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

15 Erregeak, beraz, ez zion entzun jendeari, halaxe erabakia baitzuen Jaunak, Xiloko Ahias profetaren bidez Jaunak Nebaten seme Jeroboami esana betetzeko.

Erreinua erdibitua

16 Israel herriak, erregeak kasurik ere ez ziola egiten oharturik, ihardetsi zion:«Ez dugu deus ere nahi Davidekin!Ez dugu parterik nahiJeseren semearekin!Zeuen etxoletara, israeldarrok!Zaindu zeuk zeure etxea, David!»Horrela, bada, israeldarrak beren etxoletara joan ziren.

17 Halere, Roboamek jarraitu zuen Judako hirietan bizi ziren israeldarren errege izaten.

18 Lanera behartuen arduradun zen Adoram bidali zuen Roboamek; baina israeldar guztiek harrika eman zioten eta hil egin zuten. Orduan, igo zen bizkor Roboam erregea bere guda-gurdira eta Jerusalemera joan zen ihesi.

19 Honela banandu zen Israel Daviden errege-etxetik gaurdaino.

20 Israeldarrek, Jeroboam itzulia zela jakin zutenean, biltzarrera deitu eta Israel osoaren errege izendatu zuten. Daviden errege-etxeari Juda leinuak beste inork ez zion jarraitu.

21 Roboamek, Jerusalemera heltzean, Juda eta Benjaminen leinuetako jende guztia bildu zuen: aukerako ehun eta laurogei mila gizon ziren gudurako gai. Israeldarren aurka borrokatzeko asmoa zuen Salomonen seme Roboamek, erreinua berreskuratzeko.

22 Baina Jainkoak honela hitz egin zion Jainkoaren gizon zen Xemaiasi:

23 «Esaiozu Salomonen seme eta Judako errege Roboami, baita Juda eta Benjaminen leinuetakoei eta gainerako jendeari ere:

24 “Hau dio Jaunak: Ez joan zeuen senide dituzuen israeldarren kontra borrokatzera. Itzul bedi nor bere etxera, nire erabakiz gertatu baita gertatu dena”».Aditu zuten Jaunaren hitza eta itzuli egin ziren, Jaunak esan bezala.

25 Jeroboamek gotortu egin zuen Sikem hiria Efraimgo mendialdean eta bertan gelditu zen. Gero, handik irten eta Penuel gotortu zuen.

Jeroboamen bekatua

26 Jeroboamek honela zioen bere baitan: «Oraindik ere Daviden ondorengoak nagusi daitezke erreinu osoaz.

27 Nire erreinuko jende hau opariak eskaintzeko Jerusalemera, Jaunaren etxera, igotzen bada, Judako errege Roboamengana, lehengo bere jaunarengana, itzuli egingo da jende honen bihotza. Orduan, hil egingo naute eta Judako errege Roboamengana itzuliko dira».

28 Hala, Jeroboam erregeak, aholku eskatu ondoren, bi zekor-irudi egin zituen eta esan zion jendeari: «Aurrerantzean ez duzue Jerusalemera igo beharrik. Israel herri, hona hemen Egiptotik atera zintuen Jainkoa!»

29 Zekor bat Betelen kokatu zuen eta bestea Danen.

30 Honek guztiak bekatura eragin zion jendeari. Herria bi zekor haietariko baten atzetik joan zen Daneraino.

31 Jeroboamek kultu-lekuak egin zituen muinoetan eta, haietarako, Lebiren ondorengoak ez ziren apaizak izendatu zituen jende artetik.

32 Jeroboamek, gainera, Judan egin ohi zenaren antzeko jai bat egin zuen zortzigarren hilabeteko hamabosgarren egunean. Betelen ere bera igo zen aldarera, berak egindako zekor-irudiei opariak eskaintzera, eta bertan izendatu zituen berak eginiko kultu-lekuetako apaizak.

Betelgo kultua gaitzetsia

33 Zortzigarren hilabeteko hamabosgarren egunean, bere kasketaz asmatua zuen jaiegunean, Betelen eraikitako aldarera igo zen Jeroboam. Israeldarrentzat antolatu zuen jai hura, aldarera intsentsua erretzera igoz.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22