1 Jaunak hitz hau zuzendu zion Hananiren seme Jehuri Baxaren kontra:
2 «Nik jaso zaitut hautsetatik eta ene herri Israelen buruzagi egin; hala ere, Jeroboamen jokabide bera hartu duzu eta bekatu eginarazi diozu ene herri Israeli, bekatu horiez ni haserraraziz.
3 Horregatik, ezabatu egingo zaitut, baita zure errege-etxea ere. Nebaten seme Jeroboamen errege-etxea utzi nuen egoera berean utziko dut zurea ere.
4 Zure etxekoren bat hirian hiltzen delarik, zakurrek jango dute; landan hiltzen delarik, zeruko hegaztiek jango dute».
5 Baxaren gainerako jarduerak, egin zuen guztia eta egintza adoretsuak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
6 Hil zenean, Tirtzan ehortzi zuten. Hurrengo erregea haren seme Ela izan zen.
7 Hona zergatik zuzendu zuen Jaunak hitz hura Baxaren eta beronen etxekoen aurka, Hananiren seme Jehu profetaren bitartez: alde batetik, Jeroboamen etxekoek bezalaxe, Jaunari atsegin ez zaion guztia egin zuelako, bere egintzengatik Jauna haserraraziz; bestetik, Jeroboamen etxekoak suntsitu zituelako.
8 Judako Asaren erregealdiko hogeita seigarren urtean hasi zen Baxaren seme Ela Israelgo errege izaten Tirtza hirian. Bi urtez izan zen errege.
9 Zerbitzari zuen Zimri, guda-gurditeria erdiaren buruzagia, erregearen kontra oldartu zen. Erregea Tirtzan zegoen, Tirtzako jauregizaina zen Artzaren etxean, edaten eta mozkorturik.
10 Hortan, sartu zen Zimri eta hil egin zuen Ela. Judako Asaren erregealdiko hogeita zazpigarren urtea zen. Zimri jarri zen errege, Elaren ordez.
11 Errege-aulkian eseri bezain agudo, Baxaren etxeko guztiak hilarazi zituen; ez zuen utzi bizirik ez gizasemerik, ez ahaiderik, ez adiskiderik.
12 Jaunak Baxaren aurka Jehu profetaren bidez esan bezala, Zimrik Baxaren etxe osoa suntsitu zuen, beraz.
13 Izan ere, Baxak eta beronen seme Elak bekatu asko eginak zituzten eta Israeli eginaraziak, idolo hutsal haiek eginez, eta horrela Jauna haserrarazia zuten.
14 Elaren gainerako jarduerak eta egin zuen guztia «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
15 Judako Asaren erregealdiko hogeita zazpigarren urtean egin zen errege Zimri; zazpi egunez izan zen errege Tirtzan. Gudarostea, aldi hartan, filistearren hiri Gibeton setiatzen ari zen.
16 Borrokan ari zelarik, gudarosteak jakin zuen Zimrik erregearen kontra oldartu eta hil egin zuela. Egun hartan bertan, kanpalekuan, Israel osoak Omri gudalburua izendatu zuen Israelgo errege.
17 Gibetondik alde egin eta Tirtza setiatu zuen Omrik, gudaroste osoarekin.
18 Hiria hartua zutela ohartzean, jauregiko dorrera sartu eta su eman zion Zimrik eta bertan hil zen.
19 Eginak zituen bekatuengatik gertatu zitzaion hori, Jaunari atsegin ez zaiona egin baitzuen, Jeroboamen jokabide bera hartuz, hark egina zuen eta Israeli eginarazia zion bekatu bera eginez.
20 Zimriren gainerako jarduerak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak; han aipatzen da beronen altxamendua ere.
21 Israel herria bitan banandu zen: erdiak Ginat-en seme Tibni izendatu zuen errege; beste erdiak, berriz, Omriri jarraitu zion.
22 Omriren aldeko jendea, ordea, Ginaten seme Tibniren aldekoari nagusitu zitzaion. Tibni hil egin zen eta Omri errege bihurtu.
23 Judako Asaren erregealdiko hogeita hamaikagarren urtea zen Omri Israelgo errege izaten hasi zenean. Hamabi urtez izan zen errege eta horietatik sei Tirtzan.
24 Gero, Samaria mendixka erosi zion, ia hirurogeita hamar kilo zilar ordainduz, Xemer zeritzan bati. Mendixka gotortu eta hiri bat eraiki zuen; Samaria deitu zion, mendixkaren jabe izan zen Xemerren izena ezarriz.
25 Omrik ere Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; bere aurrekoek baino okerrago jokatu zuen.
26 Nebaten seme Jeroboamen jokabide bera hartu zuen, hark egin eta Israeli eginarazi zizkion bekatu berak eginez.
27 Omriren gainerako jarduerak eta egintza adoretsuak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
28 Hil zenean, Samarian ehortzi zuten Omri. Ondorengo erregea haren seme Akab izan zen.
29 Judako Asaren erregealdiko hogeita hemezortzigarren urtean hasi zen Omriren seme Akab Israelgo errege izaten. Hogeita bi urtez izan zen errege Samarian.
30 Omriren seme Akabek bere aurreko guztiek baino okerrago jokatu zuen Jaunaren begietan.
31 Nebaten seme Jeroboamen bekatu berak egitea aski ez eta, Sidongo errege Etbaalen alaba Jezabel-ekin ezkondu zen. Baal sasijainkoa adoratu zuen eta beraren aitzinean ahuspeztu zen.
32 Jauretxea eraiki zion Baali Samarian eta aldarea ezarri bertan.
33 Axera jainkosaren ohorezko zutoin sakratua ere ezarri zuen. Honela jokatuz, bere aurretik Israelgo errege izan ziren beste guztiek baino gehiago haserrarazi zuen Jauna, Israelen Jainkoa.
34 Aldi hartan berean, Betelgo Hielek Jeriko berreraiki zuen; oinarriak bota zituenean bere seme zaharrena, Abiram, galdu zuen, eta ateak ezarri zituenean, bere seme gazteena, Segub. Honela bete zuen Jaunak Nun-en seme Josueren bitartez esana.