1 Erregeak 9 EABD

Jauna berriro agertu Salomoni

1 Salomonek Jaunaren etxea, errege-jauregia eta berak nahi izan zuen guztia eraiki zuenean,

2 bigarren aldiz agertu zitzaion Jauna, Gabaonen agertu zitzaion bezala.

3 Jaunak esan zion: «Entzun dut egin didazun otoitza eta eskaria. Sagaratu dut eraiki didazun tenplua, betikotasunean nire bizileku izan dadin. Hemen izango ditut beti neure begi-bihotzak.

4 Eta zu nire aurrean zuen aita David bezala ibiltzen bazara, bihotz osoz eta zuzenbidez, nik agindu dizudan guztiaren arabera, nire lege eta erabakiak betez,

5 betikotasunean iraunaraziko dut zure erregetza Israelen gainean. Hala hitzeman bainion zuen aita Davidi: “Beti izanen duzu zeure ondorengoetako bat Israelgo errege-aulkian jartzeko”.

6 Baina zuek eta zuen seme-alabak niregandik urruntzen bazarete, nik eman dizkizuedan agindu eta legeak betetzen ez badituzue, beste jainko batzuk zerbitzatzera jo eta haien aurrean ahuspezten bazarete,

7 suntsiarazi eginen dut Israel herria eman diodan lurrazaletik. Arbuiatu eginen dut neuretzat sagaratu dudan etxe hau. Koplak atera eta barre egingo diote Israeli herri guztiek.

8 Erabat hondatuko dut tenplu hau, eta tenplu honen aurretik igaroko diren guztiek, harriturik eta txistuka, galdetuko dute: “Zergatik egin ote die hau Jaunak lurralde honi eta tenplu honi?”

9 Eta erantzungo diete: “Beren gurasoek Egiptotik atera zituen Jauna, beren Jainkoa, utzi eta jainko arrotzengana jo dutelako, haien aurrean ahuspeztuz eta haiei kultua emanez. Horregatik ekarri die Jaunak halako zoritxarra”».

Hiramen eta Salomonen arteko hitzarmena

10 Hogei urte behar izan zituen Salomonek bi etxeak, hau da, Jaunaren etxea eta bere jauregia, eraikitzeko.

11 Tiroko errege Hiramek eskuratu zion Salomoni nahi bezainbat zedro- eta zipres-zur eta urre. Salomonek, ordainetan, Galilea aldeko hogei herrixka eman zizkion Hirami.

12 Atera zen, bada, Tirotik Hiram Salomonek eman zizkion herrixkak ikusteko; baina ez zituen atsegin izan.

13 Orduan, honela esan zuen: «Hauek herrixkak eman dizkidazunak, ene anaia!» Eta «Kabul» deitu zion lurralde hari. Hala deritza gaurdaino.

14 Hiramek emanak zizkion Salomoni lau tona inguru urre.

Salomonen beste zenbait lan

15 Jaunaren etxea, bere jauregia, Milo-ko lubeta, Jerusalemgo harresia, Hatzor, Megido eta Gezer egiteko, lan behartuak antolatu zituen Salomon erregeak.

16 Izan ere, Egiptoko errege faraoiak eraso eta hartu egin zuen Gezer hiria, su eman eta hirian bizi ziren kanaandarrak hil egin zituen; gero, bere alabari, Salomonen emazteari, eman zion ezkonsari.

17 Horregatik, Salomonek berreraiki egin zuen Gezer; baita Bet-Horon azpikoa,

18 Baalat eta Tamar ere, Judako basamortukoa.

19 Era berean, janari-biltegi izateko herrixkak berreraiki zituen Salomonek, baita guda-gurdiak eta zaldiak gordetzekoak ere. Nahi izan zuen guztia eraiki zuen Salomonek, nola Jerusalemen hala Libanon eta bere menpeko lurralde osoan.

20 Israeldar ez ziren amortar, hitita, periztar, hibiar eta jebustar jende haietatik bizirik gelditu zirenak,

21 hau da, israeldarrek xehatu ezinik lurraldean gelditu ziren haien ondorengoak, lan behartuetarako bildu zituen Salomonek, gaurdaino.

22 Israeldarren artetik, ordea, ez zuen inor ere esklabo izatera behartu; baizik eta bere gudari, ofizial, gudalburu, ezkutari eta bere gurditeria eta zalditeriaren arduradun egin zituen.

23 Salomonek antolatu zituen lanen arduradun-buruak bostehun eta berrogeita hamar ziren; haiek gainbegiratzen zituzten jendeak egindako lanak.

24 Faraoiaren alaba Daviden Hiritik Salomonek eraiki zion jauregira igo zenean, erregeak Milo-ko betelana eginarazi zuen.

25 Urtean hiru bider Salomonek erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini ohi zituen Jaunarentzat eraikia zuen aldarearen gainean, eta intsentsua erre ohi zuen Jaunaren aitzinean zegoen aldarean. Horrela bukatu zuen tenpluaren eraikuntza.

26 Bestalde, Salomonek itsas ontziteria eginarazi zuen Etzion-Geberren; hiri hau Elat ondoan zegoen, Itsaso Gorriaren ertzean, Edom lurraldean.

27 Hiramek bere zerbitzari batzuk, itsasgizon trebeak, bidali zituen ontzietara, Salomonen zerbitzariekin batera ibil zitezen.

28 Ofir-era joan eta hamalau tona urre hartu zuten handik, Salomon erregeari ekartzeko.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22