1 Salomon Israel osoko errege zen.
2 Honako hauek ziren haren funtzionarioak: apaiz nagusi: Azarias, Tzadoken semea;
3 idazkari: Elihoref eta Ahias, Xixaren semeak; agirizain: Josafat, Ahiluden semea;
4 gudalburu: Benaias, Joiadaren semea; apaiz: Tzadok eta Abiatar;
5 eskualdeburuen arduradun: Azarias, Natanen semea; erregearen aholkulari: Zabud apaiza, Natanen semea;
6 jauregizain: Ahixar; lanera behartuen arduradun: Adoniram, Abdaren semea.
7 Salomonek hamabi eskualdeburu zituen Israel osoan. Bakoitzak urtean hilabete batez hornitu behar zituen erregea eta beronen etxekoak.
8 Hona hemen haien izenak: Hurren semea, Efraimgo mendebaldean;
9 Dekerren semea, Makatzen, Xaalbimen, Bet-Xemexen, Elonen eta Bet-Hananen;
10 Heseden semea, Aruboten; bere ardurapean zituen honek Soko eta Hefer lurralde osoa ere;
11 Abinadaben semea, Salomonen alaba Tafat-ekin ezkondua, Dor mendialde osoan;
12 Baana, Ahiluden semea, Taanak-en, Megidon eta Tzartan ondoan dagoen Bet-Xanen, Izreel baino beherago, Bet-Xandik Abel-Meholaraino, Jokmoam baino harantzago;
13 Geberren semea, Galaadeko Ramot hirian; bere ardurapekoak zituen honek Manasesen seme Jairen Herrixkak, Galaaden zeudenak; bere ardurapekoa zuen Baxan lautadan dagoen Argob eskualdea ere: harresiak eta brontzezko morroiloak zituzten hirurogei hiri handi;
14 Ahinadab, Idoren semea, Mahanaimen;
15 Ahimaatz, Neftalin; hau ere Salomonen alaba batekin ezkondua zegoen, Bosmat-ekin;
16 Baana, Huxairen semea, Axerren eta Alot-en;
17 Josafat, Paruahen semea, Isakarren;
18 Ximi, Elaren semea, Benjaminen;
19 Geber, Uriren semea, Galaad lurraldean, amortarren errege Sihon-en eta Baxango errege Og-en lurralde izanikoan. Judan ere eskualdeburu bat zegoen.
20 Juda eta Israelgo jendea itsasertzeko hondarra bezain ugaria zen. Bazuten jan-edaririk aski eta pozik bizi ziren.