1 Jeroboam aldarean intsentsua erretzen ari zela, Jainkoaren gizon bat heldu zen, Jaunaren aginduz, Judatik Betelera.
2 Eta Jaunaren aginduz, deiadar egin zuen aldarearen kontra, esanez: «Aldarea, aldarea! Hau dio Jaunak: “Daviden ondorengoen artean seme bat jaioko da; Josias deituko diote. Zure gainean intsentsua erretzen duten kultu-lekuetako apaizak hil eta eskaini egingo ditu zure gainean. Giza hezurrak erreko dituzte zure gainean!”»
3 Egun hartan bertan, ezaugarri bat eman zuen Jainkoaren gizonak, esanez: «Honetan igarriko duzue Jaunak hitz egin duela: Zartatu egingo da aldarea eta lurrera isuriko gainean duen errautsa».
4 Jainkoaren gizonak Betelgo aldarearen aurka oihukatu zuen mehatxua entzutean, Jeroboam erregeak aldare gainetik besoa luzatu eta agindu zuen: «Harrapa ezazue!» Baina Jainkoaren gizonaren aurka luzatutako besoa gogortu egin zitzaion eta ezin izan zuen bildu.
5 Aldarea zartatu egin zen eta errautsa aldaretik behera isuri, Jainkoaren gizonak, Jaunaren aginduz, emaniko ezaugarriaren arabera.
6 Orduan, esan zion erregeak Jainkoaren gizonari:—Bare ezazu, otoi, Jauna, zeure Jainkoa; eskatu berari nire alde, besoa bere onera itzul dakidan.Jainkoaren gizonak baretu zuen Jauna eta besoa bere onera etorri zitzaion erregeari, lehen bezalaxe geldituz.
7 Orduan, esan zion erregeak Jainkoaren gizonari:—Zatoz gurera zerbait jatera. Esku-erakutsi bat egin nahi nizuke.
8 Jainkoaren gizonak, aldiz, erantzun zion erregeari:—Zeure ondasunen erdia emango bazenit ere, ez nintzateke zurekin joango, ezta ogirik jango, ez urik edango ere toki honetan.
9 Izan ere, agindu hau eman dit Jaunak: «Ez jan ogirik, ez edan urik, ez itzuli lehen joan zaren bidetik».
10 Horrela, bada, beste bide batetik joan zen, Betelera etortzeko hartu zuen bidetik itzuli gabe.
11 Bazen Betelen profeta zahar bat. Jainkoaren gizonak egun hartan Betelen egin zuena adierazi zioten semeek; baita gizon hark erregeari esan ziona ere.
12 Aitak galdetu zien semeei:—Zein bidetatik joan da?Ikusia zuten semeek zein bidetatik joan zen Judatik etorririko Jainkoaren gizon hura.
13 Aitak agindu zien semeei:—Txalmatu iezadazue astoa!Astoa txalmatu ziotenean, gainean jarri
14 eta Jainkoaren gizonaren bila abiatu zen. Zuhaitz handi baten itzalean eseria aurkitu zuen eta galdetu zion:—Zu al zara Judatik etorri den gizona?Hark erantzun:—Neu nauzu.
15 Orduan, lehenengoak:—Zatoz nirekin etxera, zerbait jatera.
16 Jainkoaren gizonak ihardetsi zuen:—Ezin naiz itzuli, ezta joan ere zurekin. Ez dut ogirik jango, ez urik edango toki honetan,
17 Jaunak hau agindu baitit: «Ez jan ogirik han, ez edan urik, ez itzuli joan zaren bide beretik».
18 Beste profetak, alabaina:—Profeta nauzu ni ere zu bezala, eta mezulari bat mintzatu zait Jaunaren izenean, esanez: «Itzularazi hori zeure etxera; jan dezala ogia eta edan ura».Gezurra zioen.
19 Baina Jainkoaren gizonak profetarekin joan eta haren etxean jan zuen ogia eta edan ura.
20 Hortan, mahaian zeudelarik, Jainkoaren hitza etorri zitzaion itzularazi zuen profeta zaharrari,
21 eta honela egin zion oihu Judatik etorritako Jainkoaren gizonari:—Hona zer dioen Jaunak: «Ez duzu egin Jaunaren esana; ez duzu bete Jaunak, zeure Jainkoak, eman zizun agindua.
22 Itzuli egin baitzara eta debekatu nizun tokian jan duzu ogia eta edan ura. Horregatik, zure gorpua ez dute zure gurasoen hilobian lurperatuko».
23 Jan eta edan ondoren, itzularazi zuen profeta zaharrak Jainkoaren gizonari astoa txalmatu zion
24 eta joan egin zen hau. Lehoia atera zitzaion bidera eta hil egin zuen gizona. Gorpua bidean etzana gelditu zen, astoa eta lehoia alde banatan zituela.
25 Bide hartatik zihoazen gizon batzuk, gorpua lurrean eta lehoia aldamenean ikustean, profeta zaharra bizi zen hirira joan ziren aditzera ematera.
26 Gizon hura itzularazia zuen profeta zaharrak, berri hori jakitean, esan zuen: «Jainkoaren gizona da! Ez du bete Jaunaren agindua, eta Jaunak lehoiaren atzaparretara eman du; lehoiak zatikatu eta hil egin du, Jaunak aurrez esana zion bezala».
27 Gero, esan zien bere semeei:—Txalmatu iezadazue astoa!Txalmatu ziotenean,
28 joan egin zen. Eta han aurkitu zuen hilotza lurrean, astoa eta lehoia aldamenean zutik zituela. Lehoiak ez zuen gorpua jan, ezta astoa zatikatu ere.
29 Profeta zaharrak Jainkoaren gizonaren gorpua hartu, asto gainera jaso eta eraman egin zuen. Hirira itzulirik, hiletak egin eta lur eman zion.
30 Bere hilobian ehortzi zuen gorpua eta negar egin zion, esanez: «Ai, ene anaia!»
31 Lur eman ondoren, esan zien bere semeei:—Ni hil nadinean, ehortz nazazue Jainkoaren gizona ehortzia dagoeneko hilobian. Ezarri nire hezurrak haren hezurren ondoan.
32 Beteko da bai mehatxua, Betelen dagoen aldarearen kontra eta Samariako hirietan dauden muinoetako kultu-leku guztien kontra gizon hark, Jaunaren aginduz, oihukatu zuen mehatxua.
33 Gertakari honen ondoren, Jeroboamek, bere jokabide okerretik aldendu ordez, kultu-lekuetako apaizak herriko jende xehearen artetik hartzen jarraitu zuen. Kargu hori gogoko zuen edonor sagaratu ohi zuen kultu-lekuetako apaiz izateko.
34 Honetan datza Jeroboamen errege-etxearen bekatua; horregatik desegin eta suntsiarazi zuten lur gainetik.