38 Tzadok apaizak, Natan profetak, Joiadaren seme Benaiasek, keretarrek eta peletarrek Salomon David erregearen mando gainean ezarri eta Gihonera eraman zuten.
39 Orduan, Tzadok apaizak, hartua baitzuen Jaunaren oihal-etxolatik olio-adarra, gantzutu egin zuen Salomon. Jo zuten adarra eta herri osoak deiadar egin zuen: «Gora Salomon erregea!»
40 Jende guztia Salomonen ondoren igo zen bozkario handiz eta txirulak joz. Lurrak ere dar-dar egin zuen haien oihuengatik.
41 Bazkaria bukatzen ari ziren, Adoniasek eta beronen bazkaldar guztiek zarata-hots hura aditu zutenean. Joabek, adar-hotsa entzutean, esan zuen:—Zer dela-eta halako iskanbila hiritarren artean?
42 Hizketan ari zen, Abiatar apaizaren seme Jonatan heldu zenean. Adoniasek esan zion:—Sar zaitez. Zu bai ausarta! Berri onak al dakarzkiguzu?
43 Jonatanek erantzun zion Adoniasi:—Ez, bada. David gure errege jaunak Salomon egin du errege.
44 Tzadok apaiza, Natan profeta, Joiadaren seme Benaias, keretarrak eta peletarrak bidali ditu Salomonekin, eta hauek erregearen mando gainean ezarri dute Salomon.