1 Salomon erregeak emakume atzerritar ugari maite izan zuen. Faraoiaren alabaz gainera, moabdar, amondar, edomdar, sidondar eta hitita emakumeak ere bai.
2 Halako emakume atzerritarrei buruz, hau zien agindua Jaunak israeldarrei: «Ez elkartu halakoekin, eta haiek ez bitez zuekin elkartu; izan ere, beren jainkoengana makurraraziko dizkizuete bihotzak, segur aski». Hala ere, Salomon, amodioz, halakoekin elkartu zen.
3 Zazpiehun emazte goi-mailako eta hirurehun ohaide izan zituen. Emakume haiek desbideratu egin zuten Salomon.
4 Honen bihotza jainko arrotzengana makurrarazi zuten zahartzaroan; ez zuen oso-osorik izan Jaunarentzat, bere Jainkoarentzat, beraren aita Davidek izan zuen bezala.
5 Sidondarren jainkosa zen Astarte gurtu zuen; baita amondarren sasijainko nardagarria zen Milkom ere.
6 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen Salomonek, eta ez zen bere aita David bezain zintzo izan Jaunarentzat.
7 Jerusalemen aurrez aurre dagoen mendian kultu-leku bana eraiki zien Kemox-i, moabdarren sasijainko nardagarriari, eta Milkomi, amondarren sasijainko higuingarriari.