29 Behinola, Jeroboam Jerusalemdik atera zen batean, Xiloko Ahias profetak aurkitu zuen bidean; soingaineko berria zeraman honek soinean. Biak bakarrik gertatu ziren landan.
30 Ahiasek jantzia zeraman soingaineko berria hartu, hamabi zati egin
31 eta esan zion Jeroboami: «Hartu hamar zati; hau baitio Jaunak, Israelen Jainkoak: “Zatitu eginen diot Salomoni erreinua, eta zuri hamar leinu emango.
32 Leinu bakarrarekin geldituko da hura, eta hori ere David ene zerbitzariagatik eta Israelgo hiri guztien artetik hautatu dudan Jerusalem hiriarengatik.
33 Izan ere, utzi egin naute israeldarrek eta sasijainkoak adoratu dituzte: Astarte sidondarren jainkosa, Kemox moabdarren jainkoa eta Milkom amondarren jainkoa. Ez dira nire bideetan ibili, niri atsegin zaidana eginez, nire lege eta erabakiak betez, beren aita Davidek bete zituen bezala.
34 Hala ere, ez diot erreinu osoa kenduko eskutik; bizi den bitartean buruzagitzan eutsiko diot, nik aukeratu nuen David neure zerbitzariagatik; hark bai bete zituela nire aginduak eta legeak.
35 Salomonen semeari kenduko diot erreinua eskutik, eta zuri hamar leinu emango dizkizut.