27 Nire erreinuko jende hau opariak eskaintzeko Jerusalemera, Jaunaren etxera, igotzen bada, Judako errege Roboamengana, lehengo bere jaunarengana, itzuli egingo da jende honen bihotza. Orduan, hil egingo naute eta Judako errege Roboamengana itzuliko dira».
28 Hala, Jeroboam erregeak, aholku eskatu ondoren, bi zekor-irudi egin zituen eta esan zion jendeari: «Aurrerantzean ez duzue Jerusalemera igo beharrik. Israel herri, hona hemen Egiptotik atera zintuen Jainkoa!»
29 Zekor bat Betelen kokatu zuen eta bestea Danen.
30 Honek guztiak bekatura eragin zion jendeari. Herria bi zekor haietariko baten atzetik joan zen Daneraino.
31 Jeroboamek kultu-lekuak egin zituen muinoetan eta, haietarako, Lebiren ondorengoak ez ziren apaizak izendatu zituen jende artetik.
32 Jeroboamek, gainera, Judan egin ohi zenaren antzeko jai bat egin zuen zortzigarren hilabeteko hamabosgarren egunean. Betelen ere bera igo zen aldarera, berak egindako zekor-irudiei opariak eskaintzera, eta bertan izendatu zituen berak eginiko kultu-lekuetako apaizak.
33 Zortzigarren hilabeteko hamabosgarren egunean, bere kasketaz asmatua zuen jaiegunean, Betelen eraikitako aldarera igo zen Jeroboam. Israeldarrentzat antolatu zuen jai hura, aldarera intsentsua erretzera igoz.