23 Asaren gainerako jarduerak, egintza adoretsuak, egin zuen guztia eta nola gotortu zituen hiriak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. Zahartzaroan hanketako gaitzez egon zen gaixorik.
24 Hil zenean, bere arbaso Daviden Hirian ehortzi zuten. Ondorengo erregea haren seme Josafat izan zen.
25 Judako Asaren erregealdiaren bigarren urtean hasi zen Jeroboamen seme Nadab Israelgo errege izaten. Bi urtez izan zen Israelgo errege.
26 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, bere aitarenaren antzeko jokabidea hartuz, eta Israeli hark bezalako bekatuak eginaraziz.
27 Ahiasen seme eta Isakarren leinukoa zen Baxak jaiki eta hil egin zuen Nadab erregea, israeldar guztiekin Gibeton, filistearren hiria, setiatzen ari zenean. Hantxe bertan hil zuen Baxak.
28 Judako Asaren erregealdiko hirugarren urtean hil zuen Baxak Nadab, eta bera jarri zen errege, haren ordez.
29 Errege izaten hastean, Baxak Jeroboamen etxeko guztiak hilarazi zituen. Ez zuen Jeroboamen etxeko bat ere utzi hil gabe, halaxe esana baitzuen Jaunak Xiloko Ahias bere zerbitzariaren bidez.