2 «Nik jaso zaitut hautsetatik eta ene herri Israelen buruzagi egin; hala ere, Jeroboamen jokabide bera hartu duzu eta bekatu eginarazi diozu ene herri Israeli, bekatu horiez ni haserraraziz.
3 Horregatik, ezabatu egingo zaitut, baita zure errege-etxea ere. Nebaten seme Jeroboamen errege-etxea utzi nuen egoera berean utziko dut zurea ere.
4 Zure etxekoren bat hirian hiltzen delarik, zakurrek jango dute; landan hiltzen delarik, zeruko hegaztiek jango dute».
5 Baxaren gainerako jarduerak, egin zuen guztia eta egintza adoretsuak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
6 Hil zenean, Tirtzan ehortzi zuten. Hurrengo erregea haren seme Ela izan zen.
7 Hona zergatik zuzendu zuen Jaunak hitz hura Baxaren eta beronen etxekoen aurka, Hananiren seme Jehu profetaren bitartez: alde batetik, Jeroboamen etxekoek bezalaxe, Jaunari atsegin ez zaion guztia egin zuelako, bere egintzengatik Jauna haserraraziz; bestetik, Jeroboamen etxekoak suntsitu zituelako.
8 Judako Asaren erregealdiko hogeita seigarren urtean hasi zen Baxaren seme Ela Israelgo errege izaten Tirtza hirian. Bi urtez izan zen errege.