2 Orduan, Jezabelek mezularia igorri zion Eliasi, esatera: «Zigor nazatela gogor jainkoek, bihar ordu berean bizia kentzen ez badizut, zuk profeta haiei kendu diezun bezala».
3 Beldurtu zen Elias eta ihesi joan, bere bizia salbatzeko. Judako Beer-Xebara heltzean, bertan utzi zuen bere mutila.
4 Bera, berriz, basamortuan aurrera joan zen eta egun osoan ibili. Azkenean, ipuru baten azpian eseri zen. Heriotza opa zion bere buruari. Hau zioen: «Aski da! Orain, Jauna, hartzazu ene bizia, ez bainaiz ni neure gurasoak baino hobea».
5 Gero, etzan zen eta loak hartu zuen ipuru haren azpian. Hortan, aingeru batek ukitu eta esan zion: «Jaiki eta jan!»
6 Begiratu zuen Eliasek eta horra non ikusten dituen, bere buru aldean, harri goritu baten gainean erretako sutopila eta antoxin bat ur. Jan eta edan ondoren, etzan egin zen berriro.
7 Itzuli zen bigarren aldiz Jaunaren aingerua, ukitu eta esan zion: «Jaiki eta jan, oso bide luzea baituzu».
8 Jaiki zen Elias, jan eta edan zuen, eta janari haren indarrez berrogei egun eta berrogei gau ibili zen, Horeberaino, Jainkoaren mendiraino.