23 Ofizialek esan zioten Siriako erregeari:—Mendietako jainkoa dute israeldarrek beren jainko. Horregatik izan dira gu baino indartsuago. Borroka ditzagun, beraz, lautadan; baietz izan orduan gu haiek baino indartsuago!
24 Hauxe egin behar zenuke: errege horiek beren tokietatik kendu eta horien ordez gudalburuak ezarri.
25 Bil ezazu galdu zenuena bezain indartsua izanen den gudarostea, baita zaldiak eta guda-gurdiak ere, lehen bezain ugari, eta lautadan borrokatuko gara. Baietz izan gu haiek baino indartsuago!Aditu zien erregeak eta halaxe egin zuen.
26 Hurrengo urtean, beraz, zenbatu zituen Ben-Hadadek siriarrak, eta Afekera igo zen Israel borrokatzera.
27 Zenbatu zituzten israeldarrak ere, eman zizkieten beren janariak, eta siriarrei aurre egitera abiatu ziren. Aurrez aurre kanpatu ziren israeldarrak eta siriarrak. Hauek zelaia bete gudari ziren; haiek, aldiz, bi ahuntz-talde ziruditen.
28 Orduan, Jainkoaren gizon batek Israelgo erregeagana hurbildu eta esan zion:—Hau dio Jaunak: «Siriarrek diotenez, mendietako jainkoa naiz ni, ez lautadakoa. Hara bada, zeure eskura emango dizut jendetza hori. Horrela jakinen dute ni naizela Jauna».
29 Zazpi egunez egon ziren aurrez aurre kanpatuak. Zazpigarren egunean ekin zioten borrokari, eta israeldarrek ehun mila siriar hil zituzten egun hartan.