6 Beraz, bihar ordu berean, neure zerbitzariak bidaliko ditut, zure eta zure zerbitzarien etxeak araka ditzaten. Begiko duzun guztiari eskua erantsi eta hartu egingo dute».
7 Israelgo erregeak lurraldeko arduradun guztiei dei egin eta esan zien:—Garbi ikusten duzue gizon horrek kalte egin nahi didana. Eta hori, neure emakume eta semeak, neure zilar eta urreak ukatu ez dizkiodalarik.
8 Arduradunek eta herri osoak erantzun zioten:—Ez iezaiozu entzun, ez onartu.
9 Orduan, erantzun zien erregeak Ben-Hadaden mezulariei:—Esaiozue ene errege jaunari: «Lehenbizi eskatu zenidana egingo dut; baina orain eskatzen didazuna ezin dut egin».Mezulariek eraman zioten erantzuna Ben-Hadadi.
10 Ben-Hadadek, berriz, beste erantzun hau igorri zion: «Zigor nazatela gogor jainkoek, nirekin diren lagun hauek Samaria horretatik eskutada bana hartzeko adina hauts gelditzen bada».
11 Israelgo erregeak ihardetsi zion:—Esaiozue hau: «Ez harrotu borrokara joatean, borrokatik itzultzean baizik».
12 Ben-Hadad, beste erregeekin batera, oihal-etxoletan edaten ari zen erantzun hau hartu zuenean. Orduan, agindu zien bere ofizialei: «Eraso!» Eta Samaria hiriari erasotzeko prestatu ziren.