14 Orduan, oharra bidali zioten Jezabeli: «Harrikatu dugu Nabot, eta hil da».
15 Nabot harrikatu eta hil zutela jakitean, Jezabelek esan zion Akabi:—Jaiki eta egin zaitez Izreelgo Nabotek diruaren truke ere eman nahi izan ez zizun mahastiaren jabe. Ez da bizi Nabot, hil da.
16 Hala, Nabot hila zela jakin zuelarik, jaiki eta Izreelgo Naboten mahastira jaitsi zen Akab, haren jabe egiteko.
17 Orduan, Jauna honela mintzatu zitzaion Tixbeko Eliasi:
18 «Jaitsi zaitez Samarian Israelgo errege den Akabengana. Naboten mahastian dago, beronen jabe egiteko jaitsi baita bertara.
19 Mintza zakizkio honela: “Hau dio Jaunak: Gizon bat hil eta, gainera, harenaz jabetu? Hara, bada: Zakurrek Naboten odola miazkatu duten toki berean miazkatuko dute zure odola ere”».
20 Akabek esan zion Eliasi:—Orain ere harrapatu al nauzu, etsai halako horrek?Eliasek erantzun:—Bai, harrapatu zaitut, bada; egon ere beti prest baitzaude Jaunari atsegin ez zaiona egiteko. Horregatik, hau dio Jaunak: