33 eta guda-gurdien arduradunek, hura Israelgo erregea ez zela oharturik, atzera egin zuten.
34 Baina gudari batek jaurti zuen gezia itsu-itsuan eta Israelgo erregea zauritu zuen bular-oskolaren juntura artetik. Orduan, erregeak esan zion gurdi-gidariari:—Itzuli eta atera nazazu guda-zelaitik. Zauritu egin naute.
35 Egun hartan oso gogorra izan zen gudua; erregeari zutik eutsi behar izan zioten bere gurdian, siriarrei aurre eginez. Zauritik odola zerion guda-gurdiaren zoruraino. Arratsaldean hil egin zen.
36 Ilunabarrean deiadarra hedatu zen guda-zelaian: «Nor bere hirira! Nor bere lurraldera!»
37 Erregearen gorpua Samariara eraman zuten eta bertan ehortzi.
38 Guda-gurdia Samariako uraskan garbitu zuten. Zakurrek miazkatu zuten Akaben odola eta emagalduak uraska hartan garbitu ziren, Jaunak esan bezala.
39 Akaben gainerako jarduerak eta egin zuen guztia, nola eraiki zuen marfilezko etxea eta zenbat hiri gotortu zuen «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.