8 Israelgo erregeak erantzun zion Josafati:—Bai, bada beste gizon bat: Mikeas, Imlaren semea. Galdegin diezaiokegu Jaunari berorren bitartez. Baina gorroto dut gizon hori, gauza txarrak baizik ez baitit iragartzen, onak iragarri beharrean.Josafatek esan zuen:—Ez zaitez horrela mintza, errege jauna.
9 Israelgo erregeak funtzionario bati dei egin eta agindu zion:—Bizkor, etorrarazi Mikeas, Imlaren semea!
10 Israelgo erregea eta Josafat, Judakoa, errege-jantzi ederretan, aulki banatan jarriak zeuden, Samariako sarrera aurreko zabalgunean. Haien aitzinean, han ari ziren profeta guztiak profeta-jardunean.
11 Haietarik batek, Kenaanaren seme Sedekias deituak, burdinazko adar batzuk eginak zituen eta hau zioen: «Hau dio Jaunak: Adar hauez adarkatuko dituzu siriarrak, desegin arte».
12 Halaxe zioten gainerako profeta guztiek ere: «Eraso Galaadeko Ramoti! Onik aterako zara. Eskura emanen dizu Jaunak hiria!»
13 Bitartean, Mikeasen bila joana zen mezulariak esan zion profetari:—Hara, profeta guztiak aho batez zoriona iragartzen ari zaizkio erregeari. Zure hitza ere betor bat haienarekin. Iragar ezazu zoriona zuk ere.
14 Mikeasek erantzun:—Ala Jauna! Berak esango didana iragarriko dut.