1 Salomonen agintea Eufrates ibaitik filistearren lurralderaino eta Egiptoko mugetaraino hedatzen zen. Zergak ordaintzen zizkioten denek eta bere bizitza osoan menpean izan zituen.
2 Hona zenbat elikagai behar zuen Salomonek egunero: ia zazpi tona ogi-irin garbi eta hamalau tona ogi-irin arrunt;
3 hamar idi gizen eta hogei idi larreko; ehun ardi eta, gainera, hainbat orein, basahuntz, orkatz eta hegazti gizen.
4 Eufrates ibaiaz mendebaldera, Tifsahetik Gazaraino, Salomonek agintzen zuen; ibaiaz mendebaldeko errege guztiak haren menpeko ziren, eta bakean bizi zen inguruetako lurralde guztietakoekin.
5 Salomonen bizitza osoan lasai bizi izan ziren Juda eta Israelgo guztiak, nor bere mahatsondo edota pikondoaren itzalean.
6 Salomonek lau mila zalditegi zituen bere guda-gurdietarako zaldientzat eta hamabi mila zaldizko.