14 Salomonen jakinduriaren berri izan zuten herrialde eta erresuma guztietatik etorri ohi ziren Salomonen mintzaldi jakintsuak entzutera.
15 Tiroko errege Hiram-ek, aitaren ondorengo errege Salomon gantzutu zutela jakitean, bere zerbitzariak bidali zizkion; Hiram bizitza osoan Daviden adiskide izana zen.
16 Salomonek mandatu hau igorri zion Hirami:
17 «Badakizu gure aita Davidek ezin izan ziola Jaunari, bere Jainkoari, tenplurik eraiki, bere ingurukoekin egin behar izan zituen guduengatik, Jaunak bere etsaiak oinpean jarri zizkion arte.
18 Orain, aldiz, Jainko Jaunak lasaitasuna eman dit inguru guztian; ez dut etsairik, ez arazo larririk.
19 Horregatik, Jaunari, ene Jainkoari, tenplua eraikitzea erabaki dut, hala esan baitzion Jaunak gure aita Davidi: “Zure ondoren errege-aulkian ipiniko dudan zure semeak eraikiko dit etxea”.
20 Agindu ezazu, beraz, ebaki dezatela niretzat Libanoko zedro-sail bat. Nire morroiek zureekin batera jardungo dute, eta ordainduko dizut zeure morroientzat eskatzen didazun lansaria. Badakizu gure artean ez dela inor sidondarrak bezain trebe zuhaitz botatzen».