9 Jainkoak jakinduria eta zuhurtzia handia eman zizkion Salomoni, baita itsasertzeko hondartza bezainbateko jakite zabala ere.
10 Salomonen jakinduria ekialdekoena eta egiptoarrena baino handiagoa izan zen,
11 gizonetan jakintsuena izan baitzen: Etam ezratarra, Mahol-en seme Heman, Kalkol eta Darda baino jakintsuago. Salomonen izena inguruetako lurralde guztietan zabaldu zen.
12 Hiru mila esaera atera zituen, eta mila eta bost kantika.
13 Zuhaitzei buruz ere mintzatu zen, nola Libanoko zedroez hala horma-harrietan ernetzen den itze belarraz; orobat, abere, hegazti, narrasti eta arrainei buruz ere.
14 Salomonen jakinduriaren berri izan zuten herrialde eta erresuma guztietatik etorri ohi ziren Salomonen mintzaldi jakintsuak entzutera.
15 Tiroko errege Hiram-ek, aitaren ondorengo errege Salomon gantzutu zutela jakitean, bere zerbitzariak bidali zizkion; Hiram bizitza osoan Daviden adiskide izana zen.