25 Hamabi zezenen gainean zegoen uraska; hiru zezen iparraldera begira, beste hiru mendebaldera, beste hiru hegoaldera eta beste hiru ekialdera; atzeak barnealdera zituzten.
26 Uraskaren lodiera arra betekoa zen. Ezpainak koparenak bezalakoak ziren, lili-lorearen tankerakoak; laurogei mila litro ur hartzen zuen uraskak.
27 Hiramek brontzezko hamar orga egin zituen; bi metro luze ziren, bi metro zabal eta metro eta erdi sakon.
28 Honela zeuden eginak orgak: marko batzuk eutsirik, panelak zituzten;
29 eta markoen arteko paneletan zizelkaturik lehoiak, idiak eta hegaldun izakiak, baita goiko markoetan ere; lehoi eta idien azpialdean lore-sortak zintzilik.
30 Orga bakoitzak brontzezko lau gurpil zituen eta brontzezko ardatzak. Lau hanketan brontzezko euskarriak zituzten; euskarri haiek ur-ontziaren azpian zeuden, bakoitza kanpoaldetik lore-sortaz apaindua.
31 Orgaren gainaldean ur-ontzi baten ezpainak ateratzen ziren metro erdi bat gorantz; ur-ontzia biribila zen, hirurogeita hamabost zentimetroko diametroa zuelarik. Ezpain haietan ere baziren irudi zizelkatuak, panel koadratueetan, ez biribiletan.