21 eta han toki berezia egin diot bertan ezartzeko: gure gurasoak Egiptotik atera zituenean Jaunak beraiekin eginiko itunaren agiria daukan kutxa».
22 Salomonek, Jaunaren aldare aurrean zutik, israeldarren biltzar osoaren aitzinean, eskuak zerurantz zabalik,
23 otoitza egin zuen: «Jauna, Israelen Jainkoa, ez da zu bezalako beste jainkorik, ez goian zeruan, ez behean lurrean. Betetzen duzu ituna eta onbera zara zure aurrean bihotzez zintzo dabiltzan zeure mirabeentzat.
24 Bete duzu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitzeman zeniona; zeure ahoz hitzemana zeure eskuz bete duzu, gaur ikus dezakegunez.
25 Beraz, Jauna, Israelen Jainkoa, bete ezazu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitzeman zenion beste hau ere: “Ez zaizu faltako nire laguntzaz Israelgo errege-aulkian eseriko den ondorengorik, baldin eta zure semeak nire aurrean bide zuzenean ibiltzen badira, zu ibili zaren bezala”.
26 Beraz, oi Israelen Jainko, bete ezazu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, eman zenion hitza.
27 «Baina egia ote, Jainkoa lurrean biziko dela? Zeru eta ortziaren zabalak ezin zaitu eduki, eta nik eraiki dizudan tenplu honek eduki ote zaitzake, bada?