45 entzun zuk zerutik beraren otoitza eta eskaria, eta emaiozu garaipena.
46 «Zure kontra bekatu egitean —ez baita inor bekatu egiten ez duenik—, zuk, haien kontra haserreturik, etsaien esku utziko dituzu, eta menderatzaileek urrutiko nahiz hurbileko lurralde etsairen batera eramango dituzte.
47 Orduan, eramango dituzten lurralde horretan, beren baitan hausnartuz, zuregana itzuli eta beren menderatzaileen lurraldean otoitz egingo dizute esanez: “Bekatu egin dugu, gaiztakeria egin dugu, errudun gara!”
48 Horrela, etsaiek atzerriratuko dituzten lurralde horretan, beren bihotz osoz eta gogo guztiz zuregana itzuli eta beren gurasoei eman zenien lurralderantz begira, zuk hautatu duzun hirirantz begira eta nik eraiki dizudan tenplurantz begira otoitz egiten badizute,
49 entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, beraien otoitza eta eskaria, eta egiezu zuzenbide.
50 Barkatu zeure herriari zure kontra egin duen bekatua, zure kontra egin dituen bihurrikeria guztiak, eta egizu menderatzaileek har dezatela errukiz, urrikal daitezela hartaz.
51 Zeure herri baituzu Egiptotik, burdin labe goritik bezala, atera zenuen ondare hau.