6 Haiek erantzun:—Gizon bat atera zaigu bidera eta esan digu: «Tira, itzul zaitezte bidali zaituzten erregeagana eta esaiozue: Hau dio Jaunak: “Ez al duzue Jainkoa Israelen, Ekrongo jainko Baal-Zebubi kontsulta egitera hauek bidali beharra izateko? Hara, ez zara jaikiko etzana zauden ohetik; hil eginen zara” ».
7 Erregeak galdetu zien:—Nolako itxura zuen bidera atera eta horrelakoak esan dizkizuen gizon horrek?
8 Haiek erantzun:—Larruz jantzia zegoen eta gerria larruzko uhalez lotua zeraman.Orduan, erregeak:—Tixbeko Elias!
9 Erregeak buruzagi bat bidali zuen, berrogeita hamar gizonekin, Eliasengana. Igo zen buruzagia Eliasen bila eta mendi tontorrean eseria aurkitzean, esan zion:—Jainkoaren gizon, jaisteko agintzen dizu erregeak.
10 Baina Eliasek erantzun zion buruzagiari:—Jainkoaren gizona baldin banaiz, jaits dadila sua zerutik eta kiskal zaitzatela zeu eta zeure berrogeita hamar gizonak!Bat-batean sua zerutik jaitsi eta kiskali egin zituen buruzagia eta berrogeita hamar gizonak.
11 Erregeak berriro beste buruzagi bat bidali zuen Eliasengana, beste berrogeita hamar gizonekin. Buruzagiak esan zion Eliasi:—Jainkoaren gizon, berehala jaisteko agintzen dizu erregeak.
12 Eliasek, berriro ere:—Jainkoaren gizona baldin banaiz, jaits dadila sua zerutik eta kiskal zaitzatela zeu eta zeure berrogeita hamar gizonak.Bat-batean zerutik sua jaitsi eta kiskali egin zituen beste buruzagi hura eta berrogeita hamar gizonak.