2 Erregeak 7 EABD

1 Eliseok erantzun zuen:—Entzun Jaunak dioena! Hau dio Jaunak: «Bihar ordu honetan huskeria batean erosi ahal izango dituzue Samariako merkatuan zazpi kilo irin garbi nahiz hamalau kilo garagar».

2 Erregearen laguntzaile nagusiak, ordea, esan zion Jainkoaren gizonari:—Jaunak zeruko atexkak irekiko balitu ere, gertatuko ote litzateke horrelakorik?Eliseok ihardetsi zion:—Zeuk ikusiko duzu zeure begiz, baina ez duzu hartatik jango.

Siriarrek Samariatik alde egin

3 Hiri-sarreran lau gizon legendun zeuden elkarri esaten:—Hemen egon behar al dugu hil arte?

4 Hirian sartzen bagara, hor gosea besterik ez dago eta hil egingo gara. Hemen gelditzen bagara ere, hil egingo gara. Goazen siriarren kanpalekura. Bizirik uzten bagaituzte, bizirik; hiltzen bagaituzte, hilik.

5 Ilunabarrean siriarren kanpalekura abiatu ziren. Kanpaleku-ertzera heltzean, inor ere ez zegoela ikusi zuten.

6 Izan ere, Jaunak gurdi- eta zaldi-hotsa eta gudaroste handi batena bezalako burrunba entzunarazi zien siriarrei kanpalekuan, eta esan zioten elkarri: «Israelgo erregeak ordaindu egingo zien hitita eta egiptoar erregeei gure kontra oldartzeko».

7 Beraz, arrats hartan ihesi joanak ziren, beren oihal-etxola, zaldi, asto eta kanpalekua bera ere zegoen zegoenean utziz. Ihes egin zuten, bizia salbatzearren.

8 Legendun haiek, kanpaleku-ertzera heltzean, oihal-etxola batean sartu eta bapo jan eta edan zuten. Gero, zilarra, urrea eta jantziak harturik, gorde egin zituzten. Berriro itzuli, beste oihal-etxola batean sartu eta handik ere gauza asko harturik, gorde egin zituzten.

9 Gero, esan zioten elkarri:—Ez gara ongi ari. Berri ona izan dugu gaur eta gu hemen deus ere esan gabe. Eguna argitu arte isilik bagaude, Jainkoak zigortu egingo gaitu. Goazen, beraz, erregearen jauregira berri ematera.

10 Hirira heltzean, oihu egin zieten atezainei eta berri eman, esanez:—Siriarren kanpalekuan izan gara, eta han ez dago inor; ez da giza hotsik aditzen. Zaldiak eta astoak lotuak eta oihal-etxolak zeuden zeudenean utziak besterik ez dago han.

11 Atezainek barnera oihu egin eta jauregiraino zabaldu zuten berria.

12 Erregeak, artean gaua zelarik, jaiki eta esan zien bere ministroei:—Nik adieraziko dizuet nolako azpikeria asmatu duten siriarrek gure kontra: goseak gaudela badakitenez, kanpalekutik irten eta landan gorde dira, gu hiritik aterako garelakoan. Orduan, gu bizirik harrapatu eta hirian sartzeko asmoa dute, inondik ere.

13 Ministroetarik bat honela mintzatu zen:—Har ditzagun hirian gelditzen diren zaldietarik bost, hirian gelditzen diren israeldar guztien bukaera bera izango baitute bestela ere. Bidal ditzagun eta ikusiko dugu.

14 Bi guda-gurdi beren zaldiekin prestatu eta siriar gudarostearen aztarna bila bidali zituen erregeak, esanez:—Zoazte eta ikus!

15 Abiatu ziren, beraz, eta Jordaneraino jarraitu zieten siriarren aztarnei; bide guztia siriarrek beren ihesi zalapartatsuan botatako jantzi eta gauzez josia zegoen. Mandatariak erregeari berri ematera itzuli ziren.

16 Orduan, jendeak atera eta harrapatu egin zituen siriarren kanpalekuko gauzak. Honela, huskeria batean eros zitezkeen zazpi kilo irin garbi nahiz hamalau kilo garagar, Jaunak esan bezala.

17 Erregeak bere laguntzaile nagusi hura bidali zuen hiri-sarrera zaintzera; baina jendeak zanpatu eta hil egin zuen bertan, Jainkoaren gizonak, erregea etortzean, esan bezala.

18 Izan ere, Jainkoaren gizonak esana zion erregeari: «Bihar, ordu honetan huskeria batean erosi ahal izango dituzue Samariako merkatuan zazpi kilo irin garbi nahiz hamalau kilo garagar».

19 Ofizialak, aldiz, galdetu zion Jainkoaren gizonari: «Jaunak zeruko atexkak irekiko balitu ere, gertatuko ote litzateke halakorik?» Eta Eliseok ihardetsia zion: «Zeuk ikusiko duzu zeure begiz, baina ez duzu hartatik jango».

20 Eta halaxe gertatu zitzaion: jendeak zanpatu eta hil egin zuen hiri-sarreran.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25