2 Erregeak 4 EABD

Eliseok alargun behartsu bati lagundu

1 Behin batez, profeta-taldeko baten emazteak esan zion garrasika Eliseori:— Hil egin zait senarra, zure zerbitzari zena. Badakizu Jaunari begirune ziola. Zorrak zituen batekin eta honek neure bi semeak eraman nahi dizkit orain esklabo.

2 Eliseok galdetu zion:—Zer egin dezaket zure alde? Esadazu zer duzun etxean.Emakumeak erantzun:—Ez dut olio-pittin bat besterik neure burua gantzutzeko.

3 Orduan, Eliseok:—Zoaz eta eskatu auzoko guztiei ontziak, ontzi hutsak, ahal dituzun guztiak.

4 Sar zaitez gero etxean zeure semeekin eta itxi atea. Isuri olioa ontzi guztietara eta, bete ahala, eraman denak bazterrera.

5 Emakumea, Eliseogandik alde eginik, bere semeekin etxean sartu zen eta atea itxi. Semeek ontziak ekarri ahala, amak olioa isurtzen zuen barrura.

6 Bete zituenean, esan zion semeetako bati:—Ekarri beste ontzi bat.Semeak erantzun:—Ez dago besterik.Eta gelditu egin zen olio-jarioa.

7 Emakumea gertatuaren berri Jainkoaren gizonari ematera joan zenean, esan zion honek:—Saldu olioa, ordaindu zorra, eta gainerakoaz bizi zaitezte semeak eta hirurok.

Eliseo eta Xunemgo emakumea

8 Egun batez, Eliseo Xunemdik igaro zen. Bazen han etxekoandre ospetsu bat, eta bere etxean bazkaltzera sarrarazi zuen Eliseo. Harrezkero, handik igarotzen zen bakoitzean, bertan gelditu ohi zen bazkaltzera.

9 Behinola, esan zion emakumeak senarrari:—Hara, badakit gure etxera etorri ohi den hori Jainkoaren gizon santu bat dela.

10 Egin diezaiogun goian gelatxo bat, horma batzuk jasoz; ohea, mahaia, aulkia eta argiontzia ipiniko dizkiogu bertan. Horrela, etxera etortzean, geldi dadila bertan.

11 Heldu zen, bada, behin Eliseo eta, goiko gelara sarturik, oheratu egin zen.

12 Gero, agindu zion Gehazi bere morroiari:—Deitu emakume xunemdar horri.Egin zion dei eta etorri zen emakumea morroiarengana.

13 Eliseok agindua zion hau esateko: «Honenbeste lan hartu duzu guregatik! Zer egin dezakegu zure alde? Nahi al duzu erregeari nahiz gudalburuari zure alde hitz egitea?»Emakumeak erantzun zuen:—Ez! Ongi bizi naiz neure herritarren artean.

14 Eliseok, berriro, morroiari:—Zer egin beraren alde?Gehazik erantzun zion:—Hara, ez du haurrik eta senarra zahartua du.

15 Eliseok morroiari:—Dei egiozu.Egin zion dei eta emakumea ate ondora etorri zen.

16 Eliseok esan zion:—Datorren urtean garai honetan semea izanen duzu altzoan.Emakumeak ihardetsi:—Ez, ene jauna, Jainkoaren gizon hori, ez esan gezurrik zeure mirabe honi.

17 Alabaina, emakumea haurdun gertatu zen eta hurrengo urtean, garai berean, semea izan zuen, Eliseok esana zionez.

Xunemgo emakumearen semea hil

18 Hazi zen haurra. Baina egun batez, bere aita igitariekin ari zen tokira joan eta

19 honela hasi zitzaion aitari:—Hau buruko mina! Hau buruko mina!Aitak agindu zion morroi bati:—Eramazu amarengana!

20 Morroiak eraman zion mutikoa amari eta honek magalean hartu zuen haurra; baina eguerdian hil egin zitzaion.

21 Amak gora eraman eta Jainkoaren gizonaren ohean etzan zuen; gero, gelatik irten eta atea itxi zuen.

22 Eta bere senarrari dei egin eta esan zion:—Bidal iezazkidazu, arren, morroi bat eta asto bat. Jainkoaren gizonarengana joan behar dut bizkor. Berehala nator.

23 Senarrak, orduan:—Zer dela-eta joan behar duzu gaur bertan? Ez da ilberri-jaia, ezta larunbat-jaia ere.Emazteak erantzun:—Ez axolatu!

24 Txalmatu zuen astoa eta esan zion morroiari:—Eraman astoa uhaletik eta ez gelditu bidean nik esan arte.

25 Abiatu eta heldu zen Karmel mendira, Jainkoaren gizonarengana. Jainkoaren gizonak, emakumea urrutitik ikusi zuenean, esan zion Gehazi bere mutilari:—Hara, emakume xunemdarra!

26 Irten agudo bidera eta galdetu ongi den, eta senarra eta semea ere ongi dituen.Emakumeak erantzun zuen:—Bai, ongi.

27 Emakumeak, mendira Jainkoaren gizonarengana heldu zenean, oinak besarkatu zizkion Eliseori. Hurbildu zen Gehazi emakumea apartatzeko, baina Jainkoaren gizonak esan zion:—Utzi, atsekabetua baitago. Hala ere, Jaunak ez dit agertu zergatik; ez dit deus ere jakinarazi.

28 Emakumeak, orduan, Eliseori:—Eskatu al nizun nik semerik? Ez al nizun esan ez engainatzeko?

29 Eliseok agindu zion Gehaziri:—Lotu gerrikoa, hartu nire makila eskuan eta zoaz! Norbait ikusten baduzu, ez agurtu; eta norbaitek agurtzen bazaitu, ez erantzun. Ipini haurrari nire makila aurpegi gainean.

30 Haurraren amak, ordea, esan zuen:—Ala Jauna, ala zu! Ez dut alde egingo zu gabe!Eliseok, orduan, emakumeari jarraitu zion.

31 Aurretik joana zen Gehazi. Ipini zuen makila haurraren aurpegi gainean, baina haurrak ez zuen hitzik egin, ezta zirkinik ere. Itzuli zen, orduan, Gehazi Eliseoren bila eta esan zion:—Haurra ez da esnatu.

32 Eliseok, etxera heltzean, haurra hila aurkitu zuen bere ohe gainean.

33 Gelara sartu, atea itxi eta otoitz egin zion Jaunari.

34 Gero, haurraren gainean etzan zen, bere ahoa haurraren aho gainean, begiak begi gainean eta eskuak esku gainean ezarriz. Horrela, haurraren gainean etzana zegoelarik, berotzen hasi zen haurraren gorputza.

35 Eliseo jaiki eta harat-honat ibili zen etxean barrena. Gero, berriro etzan zen haurraren gainean. Mutikoak eztul egin zuen zazpi aldiz eta begiak ireki zituen.

36 Eliseok Gehaziri dei egin eta agindu zion:—Esan emakume xunemdarrari etortzeko.Deitu eta etorri zenean, Eliseok esan zion emakumeari:—Tori semea!

37 Emakumea Eliseoren oinetaraino ahuspeztu zen. Gero, semea hartu eta alde egin zuen.

Eltzekari pozoitua

38 Eliseo Gilgalera itzuli zen. Gosete handia zegoen lurralde hartan. Behin, profeta-taldea aurrean zuela, agindu zion Eliseok bere mutilari:—Ipini sutan eltze handia eta egin eltzekaria profeta-taldearentzat.

39 Profeta haietariko bat landara atera zen belarren batzuk biltzera. Basa mahatsondo-tankerako bat aurkitu eta golkoa bete basafruitu hartu zuen handik. Zer ziren jakin ez arren, itzuli zenean, zatitu eta eltzera sartu zituen.

40 Atera zieten, gero, eltzekaria gizonei, baina, dastatu bezain agudo, esan zuten garrasika:—Honek pozoia du, Jainkoaren gizon!Eta ezin izan zuten jan.

41 Jainkoaren gizonak agindu zuen:—Ekardazue irina!Eltzera bota eta esan zuen:—Atera jendeari eta jan dezatela.Ez zegoen ezer txarrik eltzean.

Ogi-ugalketa

42 Etorri zen behin Baal-Xalixako gizaseme bat, ogi-hasikinak Jainkoaren gizonari ekarriz: hogei garagar-opil eta gari berria bide-zorroan. Eliseok esan zuen:—Banatu jendeari, jan dezaten.

43 Morroiak galdetu zion:—Nola banatuko dut hau ehun gizonen artean?Eliseok erantzun:—Banatu jendeari, eta jan dezatela. Hau baitio Jaunak: «Jango dute eta sobera geldituko da».

44 Banatu zuen, beraz, morroiak ogia jende artean, jan zuten eta sobera gelditu zen, Jaunak esan bezala.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25