2 Erregeak 12 EABD

Joax, Judako errege

1 Zazpi urte zituen Joaxek errege izaten hastean;

2 Jehuren erregealdiko zazpigarren urtea zen, eta berrogei urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Tzibia zuen izena eta Beer-Xebakoa zen.

3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Joaxek bere bizitza osoan, Joiada apaizak irakatsi zionaren arabera.

4 Hala ere, ez ziren muinoetako kultu-lekuak desagertu; jendeak jarraitu egiten zuen halako muinoetan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen.

Joaxek tenplua konponarazi

5 Joaxek agindu zien apaizei:—Jaunaren etxerako biltzen den diru guztia, nahiz nork bere buruarengatik ordaindu beharrekoa, nahiz nork bere gogoz Jaunaren etxerako emana,

6 hartu zeuek, apaizok, laguntzaileen bidez, eta konpondu tenpluak dituen hondaketa guztiak.

Eztabaida Joax eta apaizen artean tenpluko konponketei buruz

7 Joaxen erregealdiko hogeita hirugarren urtean, ordea, oraino konpondu gabe zituzten apaizek tenpluko hondaketak.

8 Erregeak Joiada eta gainerako apaizei dei egin eta esan zien:—Zergatik ez dituzue konpondu tenpluko hondaketak? Aurrerantzean ez duzue zeuen laguntzaile horiengandik dirurik hartuko; tenplua konpontzeko eman beharko duzue.

9 Apaizei ongi iruditu zitzaien jendearengandik zetorren dirurik ez hartzea; baita tenpluko hondaketak konpontzeko ardura ez izatea ere.

10 Orduan, Joiada apaizak atabaka bat hartu, gainean zuloa egin eta aldare ondoan ezarri zuen, Jaunaren etxera sartu eta eskuinaldean. Atezain zeuden apaizek atabaka hartara botatzen zuten jendeak Jaunaren etxera ekarritako diru guztia.

11 Atabakan diru asko zegoela ikustean, erregearen idazkaria eta apaiz nagusia etorri ohi ziren Jaunaren etxean bilduriko dirua zenbatzera.

12 Zenbatu ondoren, Jaunaren etxean egiten ari ziren lanen arduradunei ematen zieten dirua, eta hauek Jaunaren etxea konpontzen ari ziren langileei ordaintzen: zurgin, etxegile,

13 igeltsero eta harginei. Orobat erosi ahal izan zituzten Jaunaren etxeko hondaketak konpontzeko behar ziren ohol eta harlanduak, baita ordaindu ere tenpluaren konponketako gastu guztiak.

14 Baina Jaunaren etxean sartzen zen diruaz ez zuten egiten zilarrezko erretilurik, ez labanarik, ez ur-ontzirik, ez turutarik, ez urrezko nahiz zilarrezko beste gauzarik.

15 Dirutza hura lan-arduradunei eman ohi zieten, eta hauek Jaunaren etxea konpontzeko erabiltzen zuten.

16 Langileei ordaintzeko dirua hartzen zuten arduradunei ez zien inork konturik ere eskatzen, jator jokatzen baitzuten. Baina,

17 ordain-opariengatik eta bekatuen barkamenerako opariengatik jendeak eman ohi zuen dirua ez zen Jaunaren etxerako izaten, apaizentzat baizik.

Siriarren erasoa. Joax hil

18 Aldi hartan, Siriako errege Hazaelek Gat hiriari eraso eta hartu zuen. Ondoren, Jerusalemen kontra jo zuen.

19 Judako errege Joaxek, ordea, bere aurretik Judan errege izaniko Josafat, Joram eta Akaziasek Jaunari sagaraturiko eskaintza guztiak Siriako errege Hazaeli igorri zizkion, baita Joaxek berak egindakoak eta Jaunaren etxeko nahiz erregearen jauregiko altxortegian zegoen urre guztia ere. Orduan, Hazaelek alde egin zuen Jerusalemdik.

20 Joaxen gainerako jarduerak eta egin zuen guztia «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

21 Funtzionarioek, azpilana eginez, hil egin zuten Joax Bet-Milon, Silara bidean zihoala.

22 Ximeaten seme Jozabad eta Xomerren seme Jehozabad funtzionarioak izan ziren erregea hil zutenak. Daviden Hirian ehortzi zuten, bere arbasoen ondoan. Ondorengo erregea haren seme Amatzias izan zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25