2 Erregeak 20 EABD

Ezekiasen gaixoaldia eta sendakuntza

1 Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Amotzen seme Isaias profetak berarengana joan eta esan zion:—Hau dio Jaunak: «Konpondu etxeko arazoak, hil egingo zara eta. Ez zara luzaro biziko».

2 Ezekiasek aurpegia paretari eman eta honela egin zion otoitz Jaunari:

3 «Arren, Jauna! Oroit zaitez leial eta zintzo jokatu izan dudala beti zurekin, atsegin zaizuna eginez». Eta negarrari eman zion saminki.

4 Orduan, esan zion Jaunak Isaiasi, hau jauregitik tenplua bitartean zelarik:

5 «Itzul zaitez eta esan ene herriaren buruzagi den Ezekiasi: “Hona zer dioen Jaunak, zure arbaso Daviden Jainkoak: Aditu dut zure eskaria eta ikusi ditut zure malkoak. Sendatu egingo zaitut. Hiru egun barru igo ahal izango zara Jaunaren etxera.

6 Beste hamabost urtez luzatuko dizut bizia. Libratuko zaituztet zu eta Jerusalem Asiriako erregearen eskuetatik eta babestuko dut hiri hau, naizena naizenagatik eta neure zerbitzari Davidengatik”».

7 Orduan, Ezekiasi pikuz eginiko enplastoa ekartzeko agindu zuen Isaiasek eta, zauriaren gainean ezarri ziotelarik, sendatu egin zen.

8 Ezekiasek galdetu zion Isaiasi:—Zein izango dut ezaugarria, Jaunak sendatuko nauela eta hiru egunen buruan Jaunaren etxera igo ahal izango naizela jakiteko?

9 Isaiasek erantzun:—Hona hemen Jaunak emango dizun ezaugarria, agindutakoa beteko duela adierazteko: zer duzu nahiago, itzalak hamar maila gora ala behera egitea?

10 Ezekiasek esan zuen:—Erraza da itzalak hamar maila behera egitea; ez, ordea, gora egitea.

11 Orduan, Isaias profetak otoitz egin zion Jaunari eta ordurako jaitsiak zituen hamar mailak berriro igoarazi zizkion Jaunak itzalari Akazen mailadian.

Ezekiasek babiloniar mandatariak hartu

12 Aldi hartan, Baladanen seme Merodak-Baladan Babiloniako erregeak, Ezekias gaixorik egona zela jakin zuelarik, gutuna eta erregaluak bidali zizkion.

13 Ezekiasek ongi hartu zituen mandatariak eta bere gordailu guztiak, hango zilar, urre, lurrin eta usain gozoko olioak, erakutsi zizkien, baita bere armategia eta bere altxortegian zituen ondasun guztiak ere. Ez zien deus ere erakutsi gabe utzi, ez bere jauregian, ez erresuma osoan.

14 Orduan, Isaias profetak, Ezekiasengana joan eta galdetu zion:—Zer esan dizute gizon horiek? Nondik etorri zaizkizu?Ezekiasek erantzun:—Urrutitik etorri dira, Babiloniatik.

15 Isaiasek, berriro:—Zer ikusi dute zure jauregian?Eta Ezekiasek erantzun:—Etxean daukadan guztia ikusi dute. Ez diet neure altxortegiko deus ere erakutsi gabe utzi.

16 Isaiasek, orduan, Ezekiasi:—Entzun Jaunak dioena:

17 «Egunen batean —eta badator egun hori—, etxean daukazun guztia, zure aurrekoek gaurdaino bildu duten guztia, Babiloniara eramango dute. Ez da ezer ere geldituko —dio Jaunak—.

18 Zuregandik jaio diren, zeuk sortu dituzun seme-alabetariko batzuk ere eraman egingo dituzte, Babiloniako erregearen jauregian zerbitzari izateko».

19 Ezekiasek, orduan, Isaiasi:—Berri ederrak ekarri dizkidazu Jaunaren partetik.Izan ere, bere garaian behintzat bakea eta segurtasuna izango zituela pentsatu zuen.

Ezekiasen erregealdiaren bukaera

20 Ezekiasen gainerako jarduerak, egintza bizkorrak eta Jerusalemera urak ekartzeko urtegi eta ubideak egin zituela «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

21 Ezekias hil zenean, haren seme Manases izan zen ondorengo erregea.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25