2 Erregeak 9 EABD

Jehu, Israelgo errege

1 Egun batez, Eliseok profeta-taldeko bati dei egin eta esan zion:—Presta zaitez biderako. Hartu eskuan olio-pitxer hau eta zoaz Galaadeko Ramotera.

2 Hara heltzean, aurkitu nola edo hala Josafaten seme eta Nimxiren biloba den Jehu. Orduan, jaikiarazi bere lagunen artetik eta eraman barneko gelaren batera.

3 Gero, hartu pitxerra eta isuri olioa haren buru gainera, esanez: «Hau dio Jaunak: Israelgo errege izateko gantzutzen zaitut». Ondoren, ireki atea eta egin ihes gelditu gabe.

4 Abiatu zen, beraz, profeta gaztea Galaadeko Ramoterantz.

5 Heldu zenean, bildurik zeuden gudalburuak. Profetak esan zion buruzagiari:—Gauza bat dut esateko, jauna.Jehuk galdetu zuen:—Gutariko zeini?Eta profetak:—Zuri.

6 Jehu jaiki eta etxean sartu zen. Orduan, profetak olioa isuri zion buru gainera, esanez: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: “Ene herri Israelen errege gantzutzen zaitut”.

7 Akab zeure jaunaren senitartea hondatuko duzu; horrela mendekatuko dut Jezabelek isuritako neure profeten eta Jaunaren zerbitzari guztien odola.

8 Akaben senitarte osoa suntsituko da; Akaben ondorengoetariko gizaseme guztiak, libre nahiz esklabo, desagerraraziko baititut Israelen.

9 Nebaten seme Jeroboamen eta Ahiasen seme Baxaren senitarteak zigortu nituen bezalaxe zigortuko dut Akaben senitartea ere.

10 Jezabel, berriz, zakurrek irentsiko dute Izreelgo landan, eta ez du inork ehortziko».Hau esanik, atea ireki eta ihes egin zuen.

11 Bere jaunaren buruzagiak bildurik zeuden gelara joan zenean, galdetu zioten Jehuri:—Berri onak? Zertara etorri zaizu zoro hori?Jehuk erantzun:—Zeuek dakizue nor den gizon hori eta nolako kontuak izaten dituen.

12 Haiek esan zioten:—Gezurra. Esaguzu zer zioen.Jehuk, orduan:—Tira, bada; hauxe esan dit: «Hau dio Jaunak: Israelgo errege gantzutzen zaitut».

13 Orduan, nork bere soingainekoa bizkor hartu eta haren oinazpian ipini zuen, eskailera-mailetan. Eta adarra joz, deiadar egin zuten: «Gora Jehu erregea!»

Jehu azpilanean Joramen kontra

14 Josafaten seme Nimxiren biloba zen Jehu azpilanean hasi zen Joramen kontra. Aldi hartan Joram, israeldar guztiekin, Galaadeko Ramot Siriako errege Hazaelengandik defendatzen ari zen.

15 Baina Izreelera joan beharrean gertatu zen Joram, Siriako errege Hazaelen kontrako borrokan siriarrek egin zizkioten zauriak sendatzera. Jehuk esan zien bere ofizialkideei:—Nire alde baldin bazaudete, ez dezala inork ere ihes egin hiri honetatik, egin dugunaren berri Izreelera eramatera.

16 Jehu bere guda-gurdira igo eta Izreelerantz abiatu zen. Han zegoen Joram oheratua, eta Judako errege Akazias ere bertan zen, Joram ikustatzera joana.

17 Izreelgo dorrean zegoen zelatariak, Jehuren gudari-taldea etortzen ikustean, esan zuen:—Gudari-talde bat ageri da han!Joramek agindu zuen:—Bidali zaldizko bat eta galdegin dezala bakez datozen.

18 Hala, joan zen zaldizkoa gudari-taldearengana eta esan zuen:—Erregeak bakez zatozten galdetzen du.Jehuk, orduan:—Zer axola dizu bakeak? Zatoz nire atzetik.Zelatariak esan zuen:—Heldu da haiengana mezularia, baina ez dator itzulian.

19 Joram erregeak beste zaldizko bat bidali zuen. Taldearengana hurbildu eta esan zuen:—Erregeak bakez zatozten galdetzen du.Jehuk erantzun:—Zer axola dizu bakeak? Zatoz nire atzetik.

20 Zelatariak esan zuen:—Heldu da haiengana mezularia, baina ez dator itzulian. Guda-gurdia gidatzeko eran, Nimxiren biloba Jehu dela dirudi, eroak bezala gidatzen baitu.

21 Joramek agindu zuen:—Prestatu guda-gurdia!Prestatu ziotenean, Israelgo errege Joram eta Judako errege Akazias Jehuren bila atera ziren, nor bere guda-gurdian. Izreelgo Nabot zenaren landan aurkitu zuten.

Israelgo errege Joram hil

22 Joramek Jehu begiztatu zuenean, galdetu zion:—Bakez al zatoz, Jehu?Jehuk ihardetsi zuen:—Izan ote daiteke bakerik, zuen ama Jezabel idolatrian eta hainbeste aztikeriatan dabilen bitartean?

23 Orduan, guda-gurdia biratu eta ihesi abiatu zen Joram, esanez:—Traizioa, Akazias!

24 Baina Jehuk uztaia eskuetan hartu, gezia jaurti eta bizkarraren erdian jo zuen Joram, bihotza zauritu eta aurretik ateraz. Hilik erori zen bere guda-gurdian.

25 Jehuk esan zion Bidkar bere ezkutariari:—Hartu eta bota ezazu Naboten landara. Oroit zaitez, honen aita Akaben taldean biok zaldiz gindoazelarik, Jaunak esan zuela:

26 «Ikusi nuen, ikusi, atzo arratsaldez Naboten eta beronen seme-alaben odola. Horregatik, diot nik, Jaun honek: Landa honetantxe emanen dizut merezia». Hartzazu, beraz, Joram eta bota landa horretara, Jaunak esan bezala.

Judako errege Akazias hil

27 Hori ikustean, Bet-Ganerako bidetik ihesi joan zen Judako errege Akazias. Baina Jehuk atzetik joan eta agindu zuen:—Hil hori ere!Eta zauritu egin zuten bere guda-gurdian, Gur-eko aldapan, Ibleamdik hurbil. Akaziasek Megidora egin zuen ihes eta han hil zen.

28 Bere zerbitzariek gurdi batean hartu eta Jerusalemera eraman zuten, bere hilobian, arbasoen ondoan, lur emateko.

29 Akaben seme Joramen erregealdiko hamaikagarren urtean hasia zen Akazias Judako errege izaten.

Jezabel hil

30 Gero, Jehu Izreelera joan zen. Hau jakitean, Jezabel leihora atera zen, begiak margotu eta burua apaindurik.

31 Jehu hiriko atetik sartzean, Jezabelek esan zuen:—Ongi al zara, Zimri zeure jaunaren hiltzaile hori?

32 Jehuk gora, leihora, begiratu eta esan zuen:—Nor dut neure aldeko?Bizpahiru zerbitzari atera ziren orduan leihora eta Jehuri begira jarri.

33 Honek esan zien:—Bota hori behera!Eta bota egin zuten; haren odol-zipriztinak hormaraino eta zaldietaraino zabaldu ziren, eta Jehuk bere zaldien hankazpian erabili zuen.

34 Gero, Jehuk, jauregian sarturik, jan eta edan ondoren, agindu zuen:- Zoazte eta emaiozue lur emakume madarikatu horri, errege-alaba denez gero.

35 Lur ematera joan zirenean, ordea, ez zuten haren burezurra, oinak eta eskuak baizik aurkitu.

36 Itzuli eta Jehuri jakinarazi ziotenean, esan zuen honek:—Horrela bete da Jaunak bere zerbitzari Elias tixbitarraren bidez esan zuena: zakurrek irentsiko zutela Izreelgo landan Jezabelen haragia,

37 eta haren gorpua simaur bihurtuko zela alorrean, Izreelgo landan; inork ere ezin izango zuela «Hau Jezabel da» esan.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25