26 jauretxeko zutarri sakratuak atera eta kiskali egin zituzten.
27 Baalen zutarri sakratuak desegin ondoren, jauretxea bera ere hondatu zuten eta simaurtegi bihurtu. Halaxe da gaurdaino.
28 Jehuk, beraz, desagerrarazi egin zuen Baal Israeldik.
29 Hala ere, Jehu ez zen urrundu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik, hau da, Betelgo eta Dango urrezko zekorrak gurtzetik.
30 Jaunak esan zion Jehuri: «Niri atsegin zaidana eginez ongi jokatu duzulako, eta Akaben errege-etxeari nik nahi nuena egin diozulako, zure ondorengoak jarriko dira, laugarren belaunaldiraino, Israelgo errege-aulkian».
31 Jehuk, ordea, ez zuen hartu bihotz osoz Jaunaren, Israelen Jainkoaren, legea; ez zen urrundu Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik.
32 Aldi hartan, Jauna lurra murrizten hasi zitzaion Israeli; Hazaelek menderatu egin zituen israeldarrak lurraldeko muga guztietan.