3 Sei urtez egon ziren inudea eta biak Jaunaren etxean gorderik, Atalia lurralde hartan erregina izan zen bitartean.
4 Zazpigarren urtean, kariarren eta gudarien ehuntariak etorrarazi zituen Joiada apaizak bere aurrera, Jaunaren etxera. Haiekin hitzarmena burutu eta zin eragin zien Jaunaren etxean. Ondoren, errege-semea erakutsi zien,
5 eta agindu hau eman: «Hona zer egin behar duzuen: zuetarik jauregia zaintzera larunbatez sartzen den taldeak,
6 Sur deritzan atean guardia egiten duen taldeak eta gudari-toki atzeko atean egoten den taldeak txandaka zainduko duzue tenplua.
7 Zaintzaldia larunbatez bukatzen duten bi taldeek erregea dagoen tenpluko alderdia zainduko dute.
8 Nork bere armak eskuan dituela, erregearen inguruan jarriko zarete, eta norbaitek zuen tartetik harengana sartu nahi izango balu, hil ezazue. Lagundu erregeari toki guztietara».
9 Ehuntariek zehatz bete zuten Joiada apaizak agindu guztia: zaintzaldia larunbatez hasten nahiz bukatzen zuten gizonak hartu eta Joiadaren aurrera etorri ziren.