1 Judako errege Akaziasen seme Joaxen erregealdiko hogeita hirugarren urtean hasi zen Samarian Israelgo errege izaten Joakaz, Jehuren semea. Hamazazpi urtez izan zen errege.
2 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe.
3 Horregatik, sutu egin zen Jaunaren haserrea Israelen kontra, eta luzaroan utzi zuen Israel herria Siriako errege Hazael eta honen seme Ben-Hadaden eskumendean.
4 Baina Joakazek otoitz egin zion Jaunari eta honek entzun, ikusi baitzuen zein gogor menderatzen zuen Siriako erregeak Israel.
5 Siriarren uztarpetik askatu zuen salbatzailea bidali zion orduan Jaunak Israeli, eta israeldarrek lehen bezain lasai bizi ahal izan ziren beren oihal-etxoletan.
6 Hala ere, israeldarrak ez ziren aldendu Jeroboamen senitarteak Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik, baizik eta bere horretan jarraitu zuten, zutoin sakratuak Samarian zutik mantenduz.