1 Israelgo errege Joakazen seme Joaxen erregealdiko bigarren urtean hasi zen Amatzias, Judako Joaxen semea, errege izaten.
2 Hogeita bost urte zituen orduan, eta hogeita bederatzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Honen amak Joadan zuen izena eta Jerusalemgoa zen.
3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Amatziasek; ez, ordea, David bere arbasoak bezain zintzo. Bere aita Joaxen antzera jokatu zuen Amatziasek ere.
4 Baina ez ziren desagertu muinoetako kultu-lekuak; jendeak kultu-leku haietan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen jarraitu zuen.
5 Bere erregetzan sendotu zenean, bere aita Joax hil zuten funtzionarioak hilarazi egin zituen Amatziasek.
6 Hala ere, ez zituen hilarazi hiltzaile haien semeak, Moisesen legean Jaunaren agindu hau baitago idatzia: «Ez hil gurasoak seme-alaben erruengatik, ezta seme-alabak ere gurasoen erruengatik. Nor bere erruengatik hilko da».
7 Amatziasek hamar mila gudari edomdar menderatu zituen Gesaltza haranean. Gudukatze hartan Sela eskuratu zuen, eta Jokteel izena ezarri zion. Gaur arte dirau izen horrek.