6 Hala ere, ez zituen hilarazi hiltzaile haien semeak, Moisesen legean Jaunaren agindu hau baitago idatzia: «Ez hil gurasoak seme-alaben erruengatik, ezta seme-alabak ere gurasoen erruengatik. Nor bere erruengatik hilko da».
7 Amatziasek hamar mila gudari edomdar menderatu zituen Gesaltza haranean. Gudukatze hartan Sela eskuratu zuen, eta Jokteel izena ezarri zion. Gaur arte dirau izen horrek.
8 Orduan, Amatziasek mezulariak igorri zizkion Israelgo errege Joaxi, Joakazen seme eta Jehuren bilobari, esatera: «Zatoz, neur ditzagun indarrak!»
9 Israelgo errege Joaxek, aldiz, beste erantzun hau bidali zion Judako errege Amatziasi: «Behin batez, garduak esan omen zion Libanoko zedroari: “Emaiok alaba nire semeari emaztetzat”. Baina Libanoko basabere batek hankazpian hartu zuen gardua.
10 Egia da edomdarrak garaitu dituzula eta harro zaudela horregatik. Izan harro zeure ospeaz, baina egon geldi zeure etxean. Zergatik nahi duzu hasi zoritxarreko borroka? Zeure burua eta zeurekin batera Juda hondatzeko?»
11 Amatziasek, ordea, ez zuen entzun nahi izan. Orduan, Israelgo errege Joax igo eta Judako errege Amatziasek eta biek Judako hiri Bet-Xemexen neurtu zituzten indarrak elkarrekin.
12 Israel nagusitu zitzaion Judari eta gudariek ihes egin zuten nork bere etxolara.