9 Israelgo errege Joaxek, aldiz, beste erantzun hau bidali zion Judako errege Amatziasi: «Behin batez, garduak esan omen zion Libanoko zedroari: “Emaiok alaba nire semeari emaztetzat”. Baina Libanoko basabere batek hankazpian hartu zuen gardua.
10 Egia da edomdarrak garaitu dituzula eta harro zaudela horregatik. Izan harro zeure ospeaz, baina egon geldi zeure etxean. Zergatik nahi duzu hasi zoritxarreko borroka? Zeure burua eta zeurekin batera Juda hondatzeko?»
11 Amatziasek, ordea, ez zuen entzun nahi izan. Orduan, Israelgo errege Joax igo eta Judako errege Amatziasek eta biek Judako hiri Bet-Xemexen neurtu zituzten indarrak elkarrekin.
12 Israel nagusitu zitzaion Judari eta gudariek ihes egin zuten nork bere etxolara.
13 Israelgo errege Joaxek preso hartu zuen Bet-Xemex hirian Judako errege Amatzias, Joaxen seme eta Akaziasen biloba. Ondoren, Jerusalemera jo eta hango harresietan berrehun metroko zuloa eginarazi zuen, Efraimen atetik kantoiko ateraino.
14 Gero, Jaunaren etxean zeuden urre, zilar eta tresna guztiak eta jauregiko altxortegikoak eta gatibuak bahituran harturik, Samariara itzuli zen.
15 Joaxen gainerako jarduerak, egintza guztiak, ekintza bizkorrak eta Judako Amatziasen kontra eginiko borrokak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.