1 Israelgo Jeroboamen erregealdiko hogeita zazpigarren urtean hasi zen errege izaten Amatziasen seme Azarias.
2 Hamasei urte zituen errege izaten hastean, eta berrogeita hamabi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Jekolias zuen izena eta Jerusalemgoa zen.
3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen, beraren aita Amatziasek bezalaxe.
4 Hala ere, ez ziren muinoetako kultu-lekuak desagertu; jendeak kultu-leku haietan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen jarraitu zuen.
5 Jaunak gaixotasun larria eman zion Azariasi: legena. Hil arte egon zen legendun. Horregatik, etxe berezi batean bizi behar izan zuen. Bitartean, beraren seme Jotamek, jauregiko buru zenak, gobernatu zuen herria.
6 Azariasen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.