25 Erregearen ezkutari zen Pekahek, Ramaliasen semeak, azpilana egin zuen Pekahiasen kontra eta, berrogeita hamar gizon galaadtar harturik, hil egin zuen erregea Samarian, jauregiko dorrean, Argob eta Arie-rekin batera. Pekahias hiltzean, Pekah izan zen errege.
26 Pekahiasen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
27 Judako Azariasen erregealdiko berrogeita hamargarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Pekah, Ramaliasen semea; hogei urtez izan zen errege.
28 Jaunaren begietan oker dena egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe.
29 Israelgo errege Pekahen garaian, Asiriako errege Tiglat-Pileserrek honako hiri eta eskualde hauek hartu zituen: Iion, Abel-Bet-Maaka, Janoah, Kedex eta Hatzor hiriak, Galaad eta Galilea eskualdeak eta Neftaliren lurralde osoa. Hauetako guztietako bizilagunak Asiriara erbesteratu zituen.
30 Elaren seme Oseasek azpilana egin zuen Ramaliasen seme Pekahen kontra; zauritu eta hil ondoren, bera jarri zen errege. Uziasen seme Jotamen, Judako erregearen, erregealdiko hogeigarren urtea zen.
31 Pekahen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.