27 Judako Azariasen erregealdiko berrogeita hamargarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Pekah, Ramaliasen semea; hogei urtez izan zen errege.
28 Jaunaren begietan oker dena egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe.
29 Israelgo errege Pekahen garaian, Asiriako errege Tiglat-Pileserrek honako hiri eta eskualde hauek hartu zituen: Iion, Abel-Bet-Maaka, Janoah, Kedex eta Hatzor hiriak, Galaad eta Galilea eskualdeak eta Neftaliren lurralde osoa. Hauetako guztietako bizilagunak Asiriara erbesteratu zituen.
30 Elaren seme Oseasek azpilana egin zuen Ramaliasen seme Pekahen kontra; zauritu eta hil ondoren, bera jarri zen errege. Uziasen seme Jotamen, Judako erregearen, erregealdiko hogeigarren urtea zen.
31 Pekahen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
32 Ramaliasen seme zen Israelgo Pekahen erregealdiko bigarren urtean hasi zen errege izaten Judako Jotam, Uziasen semea.
33 Hogeita bost urte zituen errege izaten hastean, eta hamasei urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Jeruxa zuen izena eta Tzadoken alaba zen.